Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen |
URTE A. «Bost urteko haurra» (bost *urteTAko) [Euskaltzaindiaren 34. araua]. «Bost urteko epea du proiektua bukatzeko». «Bost urteko ardoa da hau» (bost *urteTAko). Besterik dira «Bost urtetako ardoak ditut sotoan» (2008, 2009…) eta «Azken bost urteetako ardoak onak dira». B. «Hiru urtean bizi izan nintzen Parisen» [Euskaltzaindiaren 110. arauak hobetsia, «hiru urtetan» formaren aldean, denbora jarraitua adierazteko. Epe jarraitua ez den kasuetan, «hiru urtetan» erabili behar da; esate baterako, «Hiru urtetan izan naiz herriko jaietan»]. C. Maiztasuna adierazteko, «urtero»… baina inola ere ez «bi urtero» modukorik; bai, jakina, «bi urtean behin», «bi urterik behin», «bi urtetik behin», «bi urtez behin», «bi urtetik bi urtera» [Euskaltzaindiaren 110. araua]. D. «Urtetan ez dut ikusi!». Gehienen ustez, esapide horretan mugagabean deklinatua doa urte hitza, eta forma hori dagokio beraz, nahiz hizkeraren batean «urtietan» esateak batzuei pentsarazi dien «urteetan» plurala dagoela hor. E. Urteak zenbakiz idaztean, ez da punturik: 2016. F. Bada biurteko hitza ere: biurteko iz. Sin. bienal (Hiztegi Batua). Gogoratzekoa da (Fundeuk hemen dioen bezala) gaztelaniaz ez direla gauza bera bienal (bi urtean behin gertatzen dena) eta bianual (urtean bitan gertatzen dena). G. Dirudienez, «hamar urteko» eta «hemendik hamar urtera» formak arautzeak (lehenbiziko kasuan) eta normalizatzeak (bigarren kasuan, araurik ez izanda ere) askori pentsarazi die «zer/zein urtetako» eta «edozein urtetako» moduko mugagabe arruntetan ere -ko soila erabil daitekeela: «zer/zein *urteko» eta «edozein *urteko»…. Gogorarazi eta azpimarratu beharra dago hor jarri ditugun forma horiek bakarrik direla zuzenak, eta halaber «zer/zein urtetan», «edozein urtetan» eta abar (eta, jakina, «zer tokitan», «edozein lekutan» eta abar). H. Entzun izan ditugu «Urtero okerrago gabiltza» moduko esaldi desegokiak ere. Itxura denez, gaztelaniaz cada esaten den hori euskarazko -ero desegoki batera aldatzen dute zenbaitek. Euskaraz urtetik urtera egituraren bidez adierazi ohi baita hori: «Urtetik urtera okerrago gabiltza». Badira «urtean baino urtean -ago» modukoak ere (OEH, urtean baino urtean azpisarrera). «Urtean baino urtean okerrago gabiltza» litzateke eredu horretan. I. Ez da egokia, nahiz azken bolada honetan izugarri zabaldu den, «bi mila hamaseian gaude» esatea: «bi mila ETA hamaseian gaude» da adierazpide egokia. Ez da egokia, halaber, «mila berrehun euro kosta zait» esatea: «mila ETA berrehun euro kosta zait» da egokia. |
Artikulua
Biolentzia internazionala Neska kolonbiarrak azaldu dit Bogota bost gunetan dagoela banatuta. Inork ez dizu galdetuko zenbat diru daukazun, baina non bizi zaren esaten diozun segundoan jakingo du zein aberatsa zaren batetik bosterako eskalan: 5, oso aberatsa; 1, oso pobrea. Esan diot, txantxetan, Kolonbiaz dudan erreferentzia bakarra Narcos telesaila dela, eta ez dela seguraski adibiderik onena. Esan dit ez zaiola axola telesailak ematen duen irudia, guztiz egiazkoa izan ez arren; are gehiago, gustuko duela dio. Horrela, behintzat, turistek badutela beldur puntu bat, eta ez direla hainbeste joaten bertara. Kanpotarrak etorriko balira, ez litzateke kolonbiarrik geratuko bosgarren gunean. Eta hori ezin da izan, esan dit. Mutil mexikarrarekin ordubete daramat hizketan, kotxeko bidaiak luze jo du. Gai “korapilatsu” guztietan bat etorri gara. Bat-batean, baina, bota dit oso gustuko dituela armak, eta Mexikora itzultzen denean eskopeta bat erosi nahi duela. Harritu egin nau. Esan dit bere burua arriskuan ikusiko balu, bi aldiz pentsatu gabe egingo liokeela tiro (ia) edonori. Autodefentsarako bada, legala dela, betiere atzetik tiro egiten ez badiozu besteari. Legeak eta guzti dakizki. Delinkuentzia maila oso altua da Mexikon, eta ikusi izan omen du bere bizitza arriskuan behin baino gehiagotan. Hiru neska estatubatuarrek buruz dakizkite azken urteko tiroketak: non gertatu ziren, zenbat hildako/zauritu, tiratzailearen profila. Hiruretako baten anaia gazteak beldurra dio eskolara joateari. Duela ez asko, hamasei bat urteko mutil bat gerturatu zen haien eskolara, pistola batekin. Irakasleei abisatu zieten eta “lockdown” egoeran jarri zuten eskola: alarma, ate guztiak itxita, haurrak pareten kontra. Sute simulakro bat bezala, baina tiroketentzat. Umea behar zuena baino bi ordu beranduago iritsi zen etxera, negar zotinka eta beldurrez akabatzen. Beste neska estatubatuarra desiratzen zegoen Joker pelikula ikusteko, baina ez zen estreinaldira joan. Batman pelikula estreinatu zenean, tipo bat sartu zen zineman pistola batekin, eta pelikulako tiro-hotsekin nahastu ziren benetako tiroak. Jendea ez zen konturatu ere egin odola ikusten hasi ziren arte. Duela gutxi, zurrumurruak egon ziren, ereduari jarraiki, gauza bera egiteko asmoa zuela norbaitek Joker pelikularen estreinaldian. Badaezpada ere, etxean deskargatu eta bertan ikusiko duela dio. Taldeko mutil finlandiarrak soldadutza egin zuen. Bi urte eman zituen ikasten nola erabili armak, nola defendatu bere burua. Derrigorrezkoa da Finlandian behintzat urtebete ematea bertan, neskentzat zein mutilentzat. Kanadara ikastera etortzeko aukera eman izan ez baliote, hantxe jarraituko zuela dio. Bi neska katalan daude nire frantseseko eskolan. Ez dira independentistak; haiekin Bartzelonatik etorri den hirugarren neska, bai. Azken egun hauetan, haien arteko tentsioa gero eta handiagoa dela diote. Berri bati buruz aritu behar ginen atzo klasean; bietako batek ere ez zuen Kataluniako auzia aipatu, eta nik azaldu nuen nolabait. Esan zidaten kokoteraino zeudela guztiarekin; Instagram-a ireki eta ez zutela sua besterik ikusten. Ulertzen zutela jendeak manifestatu nahi izatea, baina biolentziaz ez dutela ezer lortuko. “Niri gustatzen zitzaidan nire kalea” dio batek, “zuhaitzekin eta. Itzultzen naizenean, batek daki zer aurkituko dudan. Gainera, gurasoak bisitan etortzekoak dira hurrengo astean. Agian ezingo dira Bartzelonatik irten. Hau zoramena da”. Horrela azalduta, badirudi gerra baten erdian dagoela Katalunia. Badago, nolabait. Sinestezinak egiten zaizkit errealitate horiek guztiak; urrun geratzen zaizkit oso. Pentsatzen jarrita, hain urrun geratzen al zaizkit? Duela ez hainbeste, Euskal Herria ez zen leku turistiko bat. Nire lehengusina andaluziarraren lagunak beldur ziren, Gabonetan bisitan etortzen zenetan, zerbait gertatuko ote zitzaion. Zortzi urte nituela, bost tiroz hil zuten gizon bat nire herrian bertan, kalean, nire eskolatik ez oso urrun. Ez zen Narcos, ETA zen. Bazegoen jende asko bere bizitza arriskuan ikusi zuena behin baino gehiagotan. Ez dira hain urruneko kontuak: gauza batzuk internazionalak dira, azken finean; biolentziak ez du mugarik ezagutzen. |