Zer da zuretzat ama hizkuntza?

Otsailaren 21ean Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna da. Data aitzakia gisa hartu eta honen inguruan Mintzaneten parte hartzen dutenen iritzia jaso dugu. Eskerrik asko!

Garbiñe Loiarte (bidelaguna): “Niretzat ama hizkuntza amaren magaletik, erdituz geroztik  jasotako hizkuntza da. Lehenengo ikasi dugun hizkuntza edo hizkuntzak. Hizkuntzak egiten gaitu, beraren bidez bizi gara. Berezi, desberdin egiten gaituena. Bizitza osoan elkarren lekuko bihurtuz”.

Sonia Gómez (bidelaria): “Bertan eroso sentitzen zaren hizkuntza da, amets egiteko erabiltzen duzuna eta haserre zaudenean,  aterarzen zaizun lehenengoa”.

Mari Joxe Azurtza (bidelaguna): “Ohikoa eta naturan dagoena, nik ere natural-natural erabiltzea. Ezer berezia ez eta artifiziala ere ez dena: ni ez naiz artifizio bat, ezta nire aukerak estralurtarrak ere, hemengoak baizik, bizi-biziak, akatsez josiak, mingarriak, pozgarriak… eta gizatiarrak; nik egiten baitut erreal euskaraz bizitzea eta hark nire espresiobidea”.

Gorka Fernandez (bidelaria): “Nire Ama Hizkuntzak nigana heltzen diren beste hizkuntzak zaintzen ditu”.

Prudencio Bastarrica (bidelaguna): “Amaren sabelean nengoenean, maitasunezko hitz gozo haiek nigan itsatsita geratu den altxorra, aberastuta, da nire ama huizkuntza”.

Jose Mari Allur (bidelaguna): “Euskaraz hazia eta hezia naiz. Eskolan hasi nindutenean egin nuen topo gaztelaniarekin. Maisuak erderaz hitz egiten zidan, baina nik tutik ulertzen ez. Hamar urterekin praile ikastetxe batera bidali ninduten eta urrian ikastaroa hastear geografia, gramatica española eta antzeko hainbat liburu eman zizkidaten, baina nik ez nuen ezer ulertzen. Gaztelania jakin behar zen eta lehenengo urtea errepikatzera behartu ninduten…”.

María Begoña Tisera (bidelaria): “Nahiz eta pertsona batek edozein hizkuntza ikasi ahal duen, lehenengoa da ama hizkuntza, eta funtsezkoa gizaki guztien garapenerako: ama hizkuntza da haurrak ikasten duen lehenengo hizkuntza eta bere hurbileneko inguruan entzuten duena”.

Ani Goyhenetche (bidelaguna): “Gure Ama Hizkuntza euskara da. Euskara da ene baitan, gau eta eguneko pentsaketetan dabilatan hizkuntza eta eginahala baliatzen dutana. Gaztetik, bertze hiru mintzaira ikasi ditut eta behar orduan, praktika ditzazket eta egiten ere. Hala ere, euskara da enetako: Gurea dena, gu egiten gaituena, gure izana, baita gure arbasoena, gure haurrena, hatsa (arnasa) bezala hartzen duguna eta transmisioaren bitartez, betikotz biziaraz dezakeguna”.

Lurdes Bastida (bidelaguna): “Arratsalderoko entseguetan, euskaraz, txintxinean, gure kulturan, goizetik iluntzera, beti euskara, Aupa!!!”.

Mariana Grande (bidelaria): “Definizioa ez da nirea, aitarena baizik. Aita Galiziakoa zen, eta gutxi joan zen eskolara frankismoaren garaian. Hala ere, aita autodidakta zen. Asko gustatzen zitzaion irakurtzea eta azkarra zen. Beti nik galdetzen nion zein hizkuntzatan amets egiten zuen, pentsatzen zuen edo zenbatzen zuen. Eta erantzuna beti “galegoz, noski” zen. Behin pasio handiarekin (oso pasionala zen eta) ama hizkuntzaren definizioa eman zidan: “nik galegoz pentsatzen dut, zenbatzen dut eta amets egiten dut, amak hizkuntza honekin bularra eman zidalako”.

 Mintzaneteroak

 

 

 

 

 

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude