Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Ruper Ordorika zuzeneko diskoa grabatzera doa. bere betiko Mugalarien laguntzarekin. Gaur eta bihar Kafe Antzokian daukagu hitzordua. Huts egin ezinezkoa da. kurtso amaierako bidaietan autobuseko irrati-kasetean Ruper Ordorikaren furgoi beltzarekin euskal roadmovieak imajinatu genituenontzat. Neure burua irudika dezaket duela urte batzuk (nahi baino urte gehiago akaso) Amsterdamgo hotel bateko korridoreetan barna. Hogei idazle gaztek osaturiko espedizio saritu haietako batean, eguneroko bizitza ikatza bezalako labezomorroak isurtzen hasi zenean, nor baino nor Ruperren ahotsa imitatu nahian. Esan gabe doa. inguratu ere egin gabe. Gogoan dut Donostian So’ ik so’ aurkeztu zuenean publikoaren artetik norbaitek «Jo bat betikoa!» oihukatu zuenean jarri zuen aurpegia. «Zein da betikoa?», galdetu zuen. Gogoan dut Durangoko Disko eta Liburu Azoka ixtear zen eguerdi batean nola sartu zen pabilioi hutsa bere begiradaz eskuaretzen zuela. Hezurmamizkoa zen, beraz, orduan hartu genuen bere existentzia arruntaren kontzientzia. Ruper Ordorika bere diskoen azaletako ateak saka eta maka behera bota eta letra nahiz musikaren kajoi eta armarioak goitik behera miatu dizkiogun musikari horietako bat da. Bere kantuen aurkezpenak ere buruz ikasten genituen, esanahi ezkuturen bat bilatzen saiatzen ginen halakorik ez zeukaten hitzetan ere. Donostiako eskaparateetan ez genuen aurkitzen berea bezalako alkandorarik. Londresen erosten omen zituen, hala esan zigun Oñatin lehengusuak zituen lagun batek. Behin Bruce Leeren irudia itsatsita eduki zuen ikastolako karpeta zaharrean oñatiarrarena jartzera pasa ginen, institutu garaian.
Tipo gogorrak gara orain, eta karpetako azalean ez daukagu inoren irudirik. Zerua itsaso zikin bat den garaiotan, ordea, ezin dut fans izatea oraindik ondo ikusia zegoen adin horrekin gogoratzerik saihestu.
Harkaitz Cano
«Zuzeneko Rupertorioa», «Barkatu ama», Euskaldunon Egunkarian, 1999ko azaroaren 25ean