Roman Zurutuza (Alicante, 1973) inbertsio analista bidelaria da Mintzaneten. Londresen bizi zenean izan zuen Mintzaneten berri: “Maider Belloso zen gure euskara irakaslea Londresko Euskal Etxean, eta astero elkartzen nintzen berarekin euskara praktikatzeko. Bera Euskal Herrira itzuli zenean, Mintzaneten bidez egitea proposatu zidan”.
Roman oso gustura dago Mintzaneten: “Berritzailea, baliagarria eta garrantzitsua da. Berritzailea, inon inoiz ez dudalako hizkuntza bat lantzeko horrelakorik ikusi, eta Internet euskara praktikatzeko erabiltzea originala iruditzen zaidalako. Baliagarria, kanpoan bizi garen euskaltzale askorentzat euskara mantentzeko modu bakarra delako. Eta garrantzitsua, Euskal Herritik kanpo euskara zabaltzeko modu erabilgarria delako”.
Hala ere, ikaragarriena “proiektuan nahasi diren eragileen gogoa eta konpromisoa” dira bere ustez, baita “bidelagunen dedikazioa” ere. Zurutuzak astero egiten ditu saioak bere bidelagunarekin: “Kimetz asko miresten dut. Ondorengo belaunaldiak hezten ditu eta euskararekin konpromiso handia du”. Gainera, berarentzat euskara bere arbasoen hizkuntza da, Euskal Herriko hizkuntza. “Euskal Herria maite dudanez, euskara ere maite dut. Horregatik, egunero euskaraz zerbait irakurtzen saiatzen naiz”.
Proiektuan parte hartzea gomendatuko luke, zalantzarik gabe: “Bikain antolatuta dagoelako, antolaketan talde konprometitua eta eraginkorra dagoelako, eta eredu erraza delako euskara praktikatzeko”.