Bordele inguruan bizi da Marie-Laure Etchenique. Irakasle partikularra da, eta ume zein gazteekin egiten du batez ere lan. Bidaiatzea, musika, irakurtzea, ibiltzea eta idaztea gustatzen zaizkiola aipatu digu, baina baita hizkuntzak ere: “Sei hizkuntza hitz egiten ditut”, aitortu digu. Arbasoak euskaldunak ditu, eta haien omenez, euskara ikasten hasi zen 2023an. Egun, Mintzanet bidez praktikatzen du, eta bere esperientzia idatziz partekatu digu:
“Nire abizena euskalduna da; nire aitaren familia Gipuzkoatik Frantziara joan zen duela 90 urte inguru. Txikitan ez nuen inoiz euskara entzun, eta nire aitona-amonak ez nituen ezagutu hil zirelako. Nire aitak ez zuen euskaraz hitz egiten, frantsesa bakarrik zekien. Niretzat hizkuntza hau ikastea oso garrantzitsua da. Banekien egun batean euskara ikasiko nuela. Batzuek esan zidaten hizkuntza zaila zela eta besteek esan zuten ezinezkoa zela. Nahiz eta hori entzun, 2023an euskara ikasten hasi nintzen.
Bordeleko Euskal Etxeko online klaseei esker euskara ikasten ari naiz. Ni ez naizelako Euskal Etxera joaten, ez dut euskaraz askotan hitz egiten ahal. Pasa den urtean Zornotzako barnetegira joan nintzen nire mintzamena hobetzeko. Han Mintzaneti buruz esan zidaten pertsonak ezagutu nituen. Pentsatu nuen hori konponbide ona dela euskaraz gehiago hitz egiteko eta etxera iritsi nintzenean izena eman nuen.
Mintzaneti esker 2024ko abendutik Joxemarirekin euskaraz hitz egiten hasi nintzen. Bera euskara ikasten ari da eta Nafarroaren hegoaldean dagoen herri txiki batean bizi da. Ostegunero 10etatik 11tara arte hitz egiten dugu. Momentu oso atsegina eta alaia da. Barre asko egiten dugu; gure zaletasunei eta gure familiei buruz hitz egiten dugu.
Pentsatzen dut nire euskara maila hobetu dela. Nire mintzamena eta ulermena hobetu ditut. Nire inguruan euskaraz oso gutxi erabiltzen dut. Horregatik, pentsatzen dut Mintzanet bezalako proiektu bat oso baliagarria dela euskara sustatzeko. Niretzat interesgarria da urrun bizi diren pertsonek elkarrekin euskaraz hitz egin dezaketelako. Nahiz eta konexioaren arazoak batzuetan egon, gehienetan ondo ibiltzen da.
Bukatzeko Mintzaneti milesker handi bat esan nahi diot bere laguntzagatik”.