Ainhoa Abasolo (Santurtzi-Granada, 1971), orain dela hogei urte joan zen Granadara, baina Santurtzin jaio zen. Ondoren, Villasanan (Burgos) bizi eta ikasi zuen, Balmasedara joan behar izan zuen arte. Bertan euskara ikasten hasi zen eta 18 urterekin Euskal Filologia ikastea erabaki zuen: “Asko ikasi nuen, eta urte politak izan ziren unibertsitatekoak, aberatsak eta emankorrak”.
Ikasketak amaitu eta gero, Granadara joan zen bizitzera. Hango unibertsitatean euskara ikasteko aukera jartzea da bere ametsa, baina oraingoz ez du lortu.
Euskara berreskuratzeko asmoz, C1 titulua ateratzeko Bilbo Zaharra euskaltegian eman zuen izena, on line, eta bertan izan zuen Mintzaneten berri: “Ahozkoa lantzeko eta kanpoan bizi garenontzat aukera oso ona da Mintzanet”.
Emakume lekeitiar bat da bere bidelaguna: “Oso ondo moldatzen gara, oso pozik nago. Guk nahi dugunaren inguruan hitz egiten dugu, ez dugu gairik behar”.
Gainera, jada ezagutu dute elkar: “Gabonetan Lekeitiora joan nintzen eta elkar ezagutu genuen”.
Bidelari izatetik beste pertsona bati laguntzera ere igaro da Ainhoa, bera ere orain bidelaguna baita.