Elisabet Etchegaray: “Ikasitakoa barneratzeko oso aukera ona da Mintzanet, batez ere hain urrun bizi garenontzat”

Elisabet Etchegaray argentinarrak 52 urte ditu, eta, etxekoandrea, familiako dendaren administraria eta Azul Euskal Etxean euskarako irakaslea da.

Duela hamabi urte hasi zen euskara ikasten:  “Hasieran, nire hiriko Euskal Etxean ematen zituzten aurrez aurreko eskoletara joan nintzen”. Gero, nire kabuz ikasi nuen eta 2008an, Habeko plataforman sartu nintzen: “2012an, lehendabizikoz Euskal Herritik kanpo, ikasleen euskara maila egiaztatze-frogak egin zituzten”, kontatu digu Elisabetek. Deialdi horretan lehenengo maila gainditu zuen: “Azterketa amaitzean nahiko galduta nenbilen, ez nekien norekin hitz egin praktikatzeko. Zorionez, Mintzanet egitasmoarekin ate zabal bat ireki zitzaidan”, adierazi digu argentinarrak. Atzerrian bizi direnentzat aukera ona dela uste du Elisabetek: “Ikasitakoa barneratzeko oso aukera ona da Mintzanet, batez ere hain urrun bizi garenontzat”.

Mintzanet_Elisabet_Etchegaray1

Ordutik Mintzaneten dabil. Gaur egun, pozik dago dituen bidelagunekin eta bidelariekin, biak egiten baititu, praktikatu eta laguntza eman: “Batetik Montserratekin egiten ditut saioak,  Bartzelonakoa da eta biok euskara ikasten ari gara. Nahiz eta berak nik baino maila altuagoa izan, elkarri laguntzen diogu. “Bigarrena, Joxe Mari da, Lazkaokoa. “Berak  akatsak zuzentzen dizkidanez, asko eskertzen diot”, aitortu digu Elisabetek.  Azkenik  Josette, uztariztarra: “Niretzat berezia da; berak ez du gaztelaniaz hitz egiten eta nik ez dakit frantsesez. Gainera, Iparraldean  hitz batzuk beste modu batean esaten dituzte eta sarri jotzen dut hiztegira ulertu ahal izateko”. Elkarrengandik gauza asko ikasi dituztela kontatu digu Etchegarayk.

Argentinan gero eta jende gehiagok ikasten du euskara, azken hogei urteetan irakasleen prestakuntza hazten ari da eta Elisabet ere horretan dabil, Azul Euskal Etxean buru-belarri: “Niretzat apurtuta zegoen katea lotzea da. Aitona-amonen eta nire belaunaldiaren arteko kateari maila bat galdu zaio.  Maite dut euskara baita  euskal kultura ezagutzea ere, hizkuntzaren bidez noski”.

Mintzanet_Elisabet_Etchegaray

 

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude