Joserra Onandia Getxokoa da eta 72 urte ditu. Erretiroa hartuta dago eta hasieratik hartzen du parte Mintzaneten. “Berrian irakurri nuela uste dut”.
Berak beti eramaten du poltsikoan Mintzaneti buruzko informazioa: “Nire esperientzia eta publizitatea eraman ohi ditut, jendeari proiektua zer den kontatzeko”.
Joserra bidelari gisa hasi zen Pili Larrañaga donostiarrarekin, baina gaur egun bizkaiera praktikatzen du Floridan bizi den Pedro Mari Sarduy muxikarrarekin. “Emaztearekin ere bizkaieraz hitz egiten dut”. Gainera, berak Argentinako Valeria Garcia Oyarzabali laguntzen dio, baita bere herriko John de Ariño Jacksoni ere. Beraz, Joserra bidelaria eta bidelaguna da: “Mintzaneten derrigorrez hitz egin behar duzu, eta jariotasun handia lortu dut”.
Onandiak eskematxo bat egiten du saio bakoitzean, “zaletasunak eta hitz egindakoa apuntatzen ditut, niretzat oso lagungarria baita”. Berak argi du proiektua zergatik den erakargarria: “Doan da, nahi duzun maiztasunean hitz egin dezakezu eta malgutasun handia eskaintzen dizu”.