Madalen Gonzalez Donostian jaio zen, eta 32 urte ditu. Duela 14 urte Bartzelonan bizi da eta arkitektoa da. “Ikastera etorri nintzen eta hemen nago oraindik, erabat katalanizatuta”, dio.
Kike Amunarrizen ‘Tribuaren Berbak’ saioaren bitartez izan zuen Mintzaneten berri. “Bigarren atala euskaldun berriei eta beren esfortzuei buruzkoa izan zen, eta plataformaren berri jakin ahala, parte hartzea erabaki zuen”, gaineratu du Madalenek.
Bere ustez, proiektua “oso interesgarria” da. “Bere garaiko ‘tamdem’ saioen parekoa, baina gaur egungo baliabideei esker, norberak bere etxetik egin dezakeena. Euskaldun zaharrak garenok badakigu zer nolako zortea izan dugun, eta ezinbestekoa deritzot hori partekatzeari. Telebista ordubetez itzaltzea ez da hainbesteko lana-eta”, azaldu du.
Zentzu honetan, euskaldun berriekin ez duela harreman handirik izan aitortu du. “Eta proiektu honek sektore hori kontutan hartzen lagundu dit, oso erraz salto egiten baitugu erdarara zailtasunak nabaritu bezain laster, ez da hori behar dutena”.
Astero hitz egiten du Donostiako Maider Ormazarekin eta dagoeneko “laguntasuna” sortu dela dio Madalenek. “Barre asko egiten dugu elkarrekin, eta euskara zein zaila den jakinda, ez da gauza gutxi”, esan du.
Jendea parte hartzera animatu du Madalenek: “euskara maite dugunok hizkuntzari gure bultzadatxoa emateko aukera paregabea iruditzen zait. Oso esfortzu txikia da eta, aldiz, ematen den aukera, izugarria. Zergatik parte hartu baino, parte ez hartzeko arrazoiak bilatu beharko lituzke batek”.