Mintzanet Osakidetzan jarri dugu martxan

Iaz Mintzanet esperientzia pilotu gisa txertatu genuen Osakidetzan. Bertako langile batzuk bidelagun (laguntzaile) eta bidelari (laguntza jasotzen dutenak) bezala aritu ziren hiru hilabetez euskara praktikatzen Internet bidez. Esperientziaren emaitzak oso onak izan zirenez, Osakidetzako arduradunek errepikatzea erabaki zuten.

Euskara praktikatzeko modu hau erosoa iruditu zitzaien eta jarritako helburuak bete zirela adierazi zuten: konfiantza hartzea, lotsa kentzea eta euren ahozko komunikazioa hobetzea.

Horrela, aukera hau langile askori zabaldu zaie aurten ere, eta 40 pertsona ari dira parte hartzen une honetan. Hala ere, esan beharra dago, izen-ematea arrakastatsua izan dela (150 pertsona baino gehiagok eman dute izena) eta hainbat bidelari itxaron-zerrendan geratu direla, bidelaguna izateko zain. Abian dauden 20 bikoteek, berriz, Skype programaren bidez astero ordubeteko saioak egiten dituzte: medikuak, informatikariak, erizainak, administrari laguntzaileak… Nahi dutenari buruz hitz egiten dute, solasaldiak ez baitu asmo didaktikorik: lotsa kentzea eta soltura irabaztea da asmoa. Gainera, bide batez, Osakidetzako beste errealitate bat ezagutzeko aukera dute partaideek, baita erakundearen baitan euskara sustatzekoa ere.

Bidelagunak izena emateko epea zabalik dago oraindik.

Interesa izanez gero, esteka honetan dagoen fitxa bete, mesedez:

osakidetza.mintzanet.net/sortu.php

Osakidetza-mintzanet
Izaskun Portu bidelaguna administrari laguntzailea da (Sagastieta, Araba) eta Maria Jose Quintela bidelaria erizaina da (Erandio, Bizkaia)

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude