Mireia Orbegozo, bidelaguna: “Lagun batekin kafea hartzera joatea bezalakoa da”

Mireia Orbegozo zestoarra (Gipuzkoa) da, baina Txileko Santiagon bizi da. Han Etxepare Euskal Institutuko irakurlea da, euskara eta euskal kulturako irakaslea eta kultura-dinamizatzailea, hain zuzen ere.

Aspalditik ezagutzen zuen Mintzanet ekimena, baina Santiagoko Euzko Etxean ikusi zuen lehen aldiz nola funtzionatzen zuen: “Ekitaldi batean, zuzeneko saio bat egin zuen txiletar bidelari batek bere bidelagun euskaldunarekin, pantaila handi batean. Ikus-entzuleok ere parte hartu genuen, eta benetan interesgarria iruditu zitzaidan. Orduan erabaki nuen izena ematea. Oso proiektu ederra da”.

Mireia Orbegozo hilean bitan elkartzen da bere solaskidearekin pantailaren bestaldean, astelehenetan, Euskal Herrian eguerdia denean eta Txilen arratsaldea. Bere bidelaria bilbotarra da eta oso harreman ona dute: “Erraza izan da hasieratik, eta atsegina da benetan; lagun batekin kafea hartzera joatea bezalakoa da”. Orbegozok aitortu digunez, askotan ikusi dute gure webguneko Mintzanet bere ahotan atalean, Mintzaneteko bikotekideek elkar ezagutu dutela eta berak horixe irudikatu izan du askotan: “Euskal Herritik urrun nago orain, baina Atlantikoa zeharkatu eta gure herri maitera joaten naizenean, gustura elkartuko nintzateke nire solaskide bilbotarrarekin hango kaleetan ardo batzuk hartu edo pintxoak jateko”.

Mintzaneten izena eman zuenean, interes pertsonala eta profesionala zituen buruan. “Batetik, euskarari bultzada emateko nahiarekin hasi nintzen; bestetik, euskara ongi menderatzen duen norbaitekin aritu nahi nuen, maila aurreratuagoko ikaste-prozesuak aztertzeko, ikasgelan hasiberriekin jarduten baitut. Asko ari naiz ikasten bi alderdietan”, kontatu digu Orbegozok. Berarentzat euskara bere bizitzako ardatza da: “Etxeko hizkuntza, lagunartekoa, kalekoa (Euskal Herrian nagoenean) eta lanaren funtsa, tresna eta bitartekoa. Ezin dut imajinatu nire mundua euskararik gabe”. Horregatik, “euskaraz dakien edonor animatuko nuke ekimenean parte hartzera, benetan polita eta aberasgarria delako”.

Mireia Orbegozo bidelaguna da Mintzaneten

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude