1991 urtetik darama Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak hiran euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sustatzen, eta jardunean jarraitzeko asmoz, 2024-2028 bitarteko plan estrategikoa aurkeztu du. Iragan larunbatean, Tabakalera zentroan bildu dira bagerakideak eta bazkideak, eta euskaltzaleak, tartean, Mintzanet egitasmoko koordinatzaileak, eta etorkizunera begirako norabidearen nondik norakoak ezagutarazi dituzte bertan, Bikografiak egitasmoaren azken saioarekin batera.
“Duela hiru hamarkadatik Bagera Donostiako euskalgintzaren erreferentzia izan da. Ziklo ezberdinei erantzun die, gorabeheratsua izan da bidea baina badu bere izatearen, egotearen eta ekitearen gaineko aitortza, urteetan eskuratu duena egindako lanari esker. Bide guztiek behar dute, ordea, begirada altxa eta ingurua aztertzeko beharra. Momentu horretan gaude, aldaketen garaiek egokitzapenak eskatzen baitituzte. Hori dela eta duela urte pare bat ilusio handiz ekin genion datorren urteei begirako plan estrategiko bat burutzeari. Nola ez, horrek beste hainbat aldaketa eta berrikuntza ekarri ditu atzetik. Eta orain pozarren gaude berrikuntza horiek denak zuen aurrean aurkezteko”.
Garaiak aldatuz doazela jakinda, orain arte iritsi ez diren eremuetara iritsi nahi du Bagerak Donostian, eta horretarako jarri du martxan 2024-2028 plan estrategikoa, hainbat fasetan banatuko dena eta bizigarritasun zikloa metodologia oinarri duena (2022an KoopFabrika ikastaroarekin ekin ziotena). Batetik, elkartearen baitako jendearekin osatutako taldean hausnarketak egin dituzte, bestetik, zuzendaritza eta lan-taldeak ere elkartu izan dira. Hirugarrenik, eguneroko dinamikari dagozkion gaiak landu dituzte, prozesuari begirada desberdinak batuta osotasun bat emateko xedez.
A zer PLAN BIRIBILA!!
— Bagera Elkartea (@BAGERAelkartea) May 25, 2024
Plan estrategikoa, Bikografiak, berrikuntzak eta ilusio pila bat!!! Mila esker bertaratu zareten guztioi!
Eta nola ez @HamaikaTb @nerearriola @MaialenSorza @adurberasategi eta Oihana Maritorenari ere
Adi datozen egunei!! pic.twitter.com/3DYQCrQOw8
Aurrera begirako helburuak
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak bederatzi helburu estrategiko zehaztu ditu. Tabakaleran, euskaltzaleen aurrean azaldu ditu banan banan:
- Erreferentzialtasuna lortzea eta hiriko eragile esanguratsuen artean nabarmentzea.
- Euskalgintzaren eremuaz haragoko eragileekin elkarlana garatzea.
- Euskara aintzat hartua izan dadin Donostian, giro soziala sortzea.
- Donostiako euskalgintzaren topagune izatea.
- Hizkuntza komunitatea handitzea.
- Euskaltzaleak aktibatzea.
- Bazkideen zaintza
- Diru sarreren dibertsifikazioa handitzea.
- Autonomia irabaztea.
Bederatzi helburuok lortzeko bazkidetze kanpaina bat abiaraziko dute, betiere, euskara babestea helburu nagusi delarik. Gazteak izango dituzte jomugan.
Jarraian duzue kanpainarekin bat egiteko eta plan estrategikoaren xehetasunak ezaguzteko aukera.