Maria Noel Abella, bidelaria: “Mintzanetek lagundu didan bezala, nik ere beste pertsona bati lagundu nahiko nioke”

Euskal Herrira etorri da uruguaitarra, Lazkaoko Maizpide barnetegian egonaldia egitera. Bisita aprobetxatu du Iban Bilbao bidelagunarekin elkartzeko: “Nola pasatu dudan? Hobeto gure bez!”.

Maria Noel Abella Aiscar-MaizpideHiru urte igaro dira Maria Noel Abella Aiscarrek Mintzaneten izena eman zuenetik, eta ordutik, mintzapraktika saioak egiten ditu astero-astero, ordenagailuko pantaila erabiliz. Iban Bilbao bermeotarra du bidelagun, eta “ordu-diferentzia handia bada ere, saioak hutsik egin gabe” egin dituzte. Itsaso zabal batek aldentzen ditu, baina izan dute aurrez aurre ezagutzeko tartea.

Iaz bertan, Montevideon (Uruguain) ikusi zuten elkar, Iban bisitan joan baizitzaion, eta biek ere, enkontruaren berri eman ziguten bideo eder bat bidalita. Lagun min bilakatu dira, “Uruguaiko kuadrillakoa”, Maria Noelek dioenez, eta B1 euskara mailako azterketa gainditzen lagundu zion: “Beste kontu bat izango zen bidelagunaren laguntzarik gabe, jakina! Banekien norengana jo nire zalantzak argitzeko”.

Aurten, aldiz, Maria Noel izan da Euskal Herrira gerturatu dena. Lazkaoko Maizpide barnetegian izan dugu urtarrilean, eta Bermeo ezagutzeko ere aprobetxatu du: “Astean zehar eskola-ordu asko izan ditugu baina asteburuak libre izan ditugunez, bisita itzultzeko nire aukera baliatu nuen. Nola pasatu dudan? Hobeto gure bez!”. Ibanen jaioterrian barneratzeaz gain, inguruko mendi, hondartza eta toki interesgarrietan zehar ibili dira: “Bere familiarekin eta bere kuadrilarekin ibili naiz… Pintxoz pintxo, poteoz poteo, tabernaz taberna. Zer gehiago esan dezaket? Asteburu izugarria izan zen. Haiekin harremanak euskaraz sortu ziren Mintzanet programari esker”.

Lazkaroa itzulita, barnetegian buru-belarri aritu da euskara ikasten, eta azterketa gainditzea du erronka. Ez hori bakarrik, bidelari izatetik bidelagun izatera igaro nahi du, “programak niri lagundu didan bezala beste pertsona bati laguntzeko”.

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude