Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Datak ematean, kontuan hartzekoak
|
Artikulua
Liburuetan dago dena Zer dago, bada, liburuetan? Horixe galdetzen nion neure buruari hiruzpalau urte besterik ez nituela, aitona-amonen liburu dendan nire aulkitxoan uzkurturik egoten nintzenean. Amona kaxen atzean esertzen zen; ama, erakusmahaiaren beste aldean, erosleen zain egoten zen. Haren atzean, apalak sabairaino iristen ziren, eta eskailera luze-luze bat zegoen, bi gakoz burdina luze bati eutsirik, ezkerrera eta eskuinera mugitu ahal izateko, horrela goiko apaletan zeuden liburuetara iristearren. Ez uste aspertuta egoten nintzenik! Dendan bezeroren bat sartzen zenean, igartzen saiatzen nintzen ea nongo liburua eskatuko zuen, edo beheko apaletakoa edo goikoetakoa. Amak, artean gaztea, arina eta buruz azkarra, bazekien non zegoen liburu bakoitza; eskaileran gora igotzen zen behar izanez gero, eta azal urdineko edo gorriko edo ubeleko liburu bat jaisten zuen, eta erosleari aurrean ipintzen zion. Ni harro nengoen amaz, eta gero eta jakin-min handiagoa nuen, ea zer ote zegoen liburuetan. Beheko ilaretan ere azal urdin, gorri eta ubeleko liburuak zeuden, letra beltz txiki-txikiz beteak, baina haiek ez zeukaten nire liburuek bezalako kolore politik! Nire etxean denek irakurtzen zuten: amak, aitak, aitona-amonek. Haien buruak liburu gainera makurturik ikusita, batzuetan irribarre egiten zutela, beste batzuetan serio ipintzen zirela eta beste batzuetan orrialdea arreta handiz pasatzen zutela ikusita, neure buruari galdetzen nion ea non ote zebiltzan orduan. Hitz eginez gero, ez zidaten entzuten; azkenean, begiratzen zidatenean, bazirudien urruneko leku batetik zetozela. Zergatik ez ninduten beraiekin eramaten? Zer ote zegoen liburuetan? Zein ote zen esaten ez zidaten sekretua? Hurrena irakurtzen ikasi nuen, eta aurkitu nuen liburuen sekretua: hantxe zegoen dena; ez bakarrik amandreak, iratxoak, printzesak eta sorgin gaiztoak; han geunden zu eta ni, geure poz eta kezka guztiekin, geure irrika eta saminekin; hantxe dago ona eta txarra, egia eta gezurra, izadia, unibertsoa; hori guztia sartzen da liburuetan. Zabal ezazu liburua, eta bere sekretu guztiak erakutsiko dizkizu.
EVA JANIKOVSZKY Haur Literaturaren Nazioarteko Eguna 2001-IV-2 (egokitua) |