Daniel Blanco duela 26 urte jaio zen Barakaldon. Gaur egun, Portugaleten bizi da.
Euskaltegian euskara ikasten ari da, baina euskara praktikatzeko erreminta bat behar zuen, hortik kanpo aritzeko. “Euskaraz egiten duen oso jende gutxi daukat inguruan, eta, hortaz, aukera gutxi”, azaldu du Danielek.
Bere ustez, proiektua “berritzailea” eta “oso interesgarria” da, “gure garaiari ondo egokitua”. “Nire bidelaguna Marian Bernaola da, eta oso harreman polita daukat berarekin, hasieratik. Saioa hasi orduko, lehendabizi, astean zer gertatu zaigun kontatzen diogu elkarri, eta gero beste gai batzuez ere hitz egiten dugu”, gaineratu du bidelariak.
Danielek horrelako proiektu batean parte hartzen duen lehenengo aldia da, eta horregatik aukera guztiak aprobetxatu nahi ditu. “Mintzanet bidez euskaraz egiteko eta jendea ezagutzeko amorratzen nengoen”, esan du.
Hasieran ez zuen zorte handirik izan: arazo teknikoak, bidelagun batekin edo besterekin arazotxoak… Eta nahiz eta dena bertan behera uztea pentsatu zuen, Danielek pazientzia beharrezkoa dela uste duen horietakoa da. “Arazoak anekdota hutsean gelditu ziren Marian ezagutu orduko. Bidelaguna oso garrantzitsua da, eta nirea oso prestua da. Horregatik, itxarotea merezi izan duela pentsatzen dut”, dio Danielek.
Hau dena kontuan hartuta, “dela lanagatik, dela bere egoeragatik, normalean euskaraz hitz egiteko aukerarik ez duen edonori” gomendatuko lioke Danielek Mintzanet.