Maialen Goñi (Donostia, 1989) bidelaguna da eta euskarari laguntzeko asmoarekin eman zuen izena Mintzaneten: “Euskarari lagundu baino, pertsona batekin harreman bat mantentzen duzu eta oso gustura nago harreman horrekin”.
Goñik Igone Leonekin (Polonian bizi den bilbotarra) egiten ditu saioak eta ez du euskaraz hitz egiteko beste aukerarik: “Hasieratik erraza izan da, antzeko adina dugu eta, normalean, astean ordu erdiz aritzen gara”.
Mintzakideak baino lagunak direla kontatu digu Goñik. “Nire lagunekin baino denbora gehiago pasatzen dut berarekin askotan. Ez da nire mintzakidea bakarrik, familiarena ere bada: bikotekideak ezagutzen du, haurrak ezagutzen du…”. Edonori parte hartzea gomendatzen dio “oso erraza delako eta ez delako ia esfortzurik egin behar”.
Ikus dezagun Maialen Goñik bideoan kontatu diguna. Eskerrik asko, Maialen!