Arratia ingurukoa da Edurne Gorospe (Lemoa, 1971), eta nahiz eta guraso erdaldunak izan, euskal munduan murgilduta bizi izan da gaztetatik. Gaur egun “etxean eta lanean ehuneko ehunean aritzen naiz euskaraz”, azaldu digu. Eta euskara bultzatzeko eta gehiago erabiltzeko ahaleginean dabil, ahal duen guztietan.
“Aspalditik izan dut Mintzaneten berri” bota digu, eta arrazoitu egin digu: “uste dut euskararen egoera zein den ikusita, euskara dakigunok euskarak bere bidea egin dezan lagundu behar dugula. Halaber, eta zalantzarik gabe, ikasi eta praktikatu nahi duenari lagundu behar diogula”.
Eta hartzen duen lan hori oso gustura egiten du bidelagun bezala. Edurnek gogoan duenez, izena eman eta berehala esan zitzaion norekin elkartu eta mintzapraktikak egin. “Erraz adostu genuen ordua eta eguna”. Sergio da bere bidelaria, eta “saioz saio elkarrenganako konfiantza areagotu eta oso gustura aritzen gara”, aitortu digu. Astero egiten dute hitzordua, eta hiru ordu laurden inguru aritzen dira berbetan. “Ez dugu ezer berezirik prestatzen, munduaz, kirolaz, zaletasun ezberdinei buruz, lana, familia, bidaiak… gauza hoiretaz hitz egiten dugu”.
Eta bere mintzakidearen euskara zelan hobetu den ikusteko aukera izan du bitartean. Bidelariak gainera, oso jarrera ona du, eta astean behin Edurnerekin hitz egiteaz gain, liburuak erosi, etxean lan gehiago egin, eta euskara menperatzeko borondate osoa dauka. Alde horretatik Sergio langile sutsua dela aipatu digu arratiarrak. “Oso jarrera baikorra erakutsi du beti”, gaineratu du.
Aspaldi honetan Edurne kezkatuta dago euskararen erabilerarekin, batetik “ez dakitenek ikasten ez dutelako”, baina batez ere “askok erdarara jotzen dutelako, komunikazioa erosoagoa delakoan”, eta kezka hori gurekin partekatu du, eta ondorio honetara iritsi da bidelaguna: “Euskaraz aritzeak ahalegina eskatzen du”.
Mintzanet baliagarria da
Eta sareko baliabide honi buruz duen iritzia eskatuta, oso zehatza da Edurne: “baliagarria dela uste dut. Askok ez dute ingurune euskalduna eta norekin hitz egin topatu behar dute, topatu nahi dute. Mintzanet bezalako egitasmoek horretarako aukera ematen die zenbait hiztuni”. Eta sareko plataforma baten alde onak ere azpimarratu dizkigu: “online aritzea oso erosoa da, zauden lekuan zaudela egin ahal delako, nahikoa da sakelakoa eta konexioa izatea. Gu biok oso ondo moldatzen gara. Ni etxetik aritzen naiz normalean, baina nire bidelariak lanean bazkaltzeko duen tartea baliatzen du konexioa egiteko”.
One thought on “Edurne Gorospe, bidelaguna: “Online aritzea erosoa delako, Mintzanet erabilita oso ondo moldatzen gara””