Elisabet Etchegaray Argentinakoa da, Azul izeneko herri batekoa. Euskal kultura interesatzen zaio, eta horrexegatik du gustuko Mintzanet. «Euskal bizitza eta kulturarekin lotuta dauden esperientziak oso aberasgarriak direla uste dut, eta, proposamen baten bila nenbilenean, Euskal Kultura aldizkarian Mintzaneten berri izan nuen», esan digu Elisabetek.
Eusko Jaurlaritzak atzerrian bizi diren ikasleentzat duen proiektuan parte hartu zuen, eta lau urtez aritu da euskara ikasten. «Hego Amerikako beste ikasle batzuekin izan nintzen programa hartan, eta duela urtebete Habeko teknikari batek lehen profila eskuratzeko azterketa egin zion taldeari», esan du Elisabetek. «Hortik aurrera, nire kabuz ikasten jardun dut, eta bizi naizen hiriko Euskal Etxean euskara zabaltzen dut, aurrez aurreko klaseak emanez. Hitz gutxitan: euskaldunek hizkuntza barneratzen laguntzen didate. Horregatik, zuei mila esker», gaineratu du.