Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
|
Pasartea
Batzuetan gauaz paseoan ibiltzen naiz bazter haietan, gero tranbia ezin mantsoago bat hartzen dut; etorbide guztia eta hiriaren behealdeko kalexkak jaisten ditu eta gero ibai-bazterreko pasealekuan sartzen da eta ematen du asmadunen lasterketa bat egiten duela parean lerratzen diren atoi-ontziekin; hain hurbil daude han, karelaz bestalde, badirudi eskuaz uki daitezkeela. Zenbait telefono-kabina zahar daude, oraindik zurezkoak, batzuetan norbait dago barrenean, garai bateko ongizatea galdu izanaren itxura duen atso bat, trenbideetako langile bat, marinel bat, eta galdetzen diot nik neure buruari: norekin ari ote da hizketan? Gero tranbiak Itsas Museoaren plaza inguratu du, ehun urtetik goitiko hiru palmondo eta harrizko banku batzuk dituen plazatto bat da, batzuetan ume pobreak ume pobreen jolasetan aritzeko tokia, nire haur-denboran bezala, soka-saltoan, edo saltoka lurrean klarionaz egindako marrazki baten gainean. Ni tranbiatik jaitsi eta eskuak sakelan sarturik hasi naiz ibiltzen, bihotza pilpiraka daukat, ez dakit zergatik, baliteke kafetegi hartatik datorren musika monotono baten eragina izatea, gramofono zahar bat da segur aski, fa-ko balts bat da beti edo fado bat ahoko soinuarekin joa, pentsatu dut: hemen nagok eta ez naik inork ezagutzen, aurpegi izengabea nauk aurpegi izengabeen jende-multzo honetan, hemen nagok beste nonbait egon nintekeen bezala, berdin duk, eta horrek min handia sentiarazi dit, baita askatasun eder eta alferrekoaren sentsazioa ere, maitasun nahigabetuaren moduko zerbait.
Anywhere out of the world
Oker Txiki garrantzigabeak
Antonio Tabucchi (Fernando Rey-k itzulia)
Hiru argazki lehiaketa abian euskarazko Wikipedian uda honetan
Euskarazko Wikipediak hiru argazki lehiaketa jarri ditu martxan aurtengo udan: WikiBizi Ondarea, WikiBizi Kultura eta WikiBizi Natura. Irailaren 30a arte karga litezke argazkiak hiru gai horien inguruan.
WikiBizi Ondarea Kasu honetan, urtero ondarearen inguruan egiten den Wikipediako ekimenaren aurtengo edizioa litzateke hau, baina uda osora luzatuta. Euskal Herriko ondare monumentuen ilustrazioak gehitzea da gakoa. Azalpen orrian bertan daude zerrendatuta, herrialdez herrialde, herriz herri. Lehen saria da Konstruktor argazki kamera bat, eta 2.a eta 3.a 70 eta 30 euroko bonoak Donostiako Hontza liburudendan. WikiBizi Kultura Kasu honetan, era honetako argazkiak bildu nahi dira: Jaiak, erromeriak, festibalak, ohiturak, dantzak, ondare immateriala… Kultura, oso zentzu zabalean. Adi instrukzioei. Lehen saria izango da 2 pertsonentzat bazkaria Laua Jatetxean, eta 2. eta 3. Hontzako bonoak. WikiBizi Natura Lehiaketa honetan erretratatu ditzakezu naturguneak, ibaiak, ur-jauziak, geologia, zuhaitz bereziak, fauna… LomoInstant San Sebastian kamera da lehen saria, eta gero Hontzako bonoak. Ikus hiru lehiaketa hauetan dagoeneko jendea kargatzen hasi den irudiak:
|