Itziar 49 urteko bilbotar ikerlaria da. Hasiera batean bidelari gisa hasi zen eta, gaur egun, bidelagun modura ere aritzen da, azken hauek falta baititu Mintzanetek. Lanagatik Mexikon bizi da eta Etxepare Euskal Institutuak bertan eskainitako hitzaldi batetara joan zenean ezagutu zuen Mintzanet: “Aukera aparta da ikasten ari direnek eta urrun bizi garenok praktikatzeko”.
Harreman ona dute bidelagunek eta bidelariek; berak esaterako, Bilbora joaten denean, batzuetan kafe bat hartzen du bere bidelaria den Hasier Martel bilbotarrarekin. Horrela, euskaraz hitz egiten dute eta aurrez aurre elkar ezagutzeko parada izan dute. Bestalde, Arrasateko Jon Etxebarria du bidelagun eta hortaz, berarekin euskara fintzen duen bitartean, Hasierri berak laguntzen dio. Itziarrek edozeini gomendatzen dio Mintzanet: “Bakoitzak bere neurrian, besteen ahaleginean lagun dezake. Astean ordu erdi baino ez da, nahiz eta gu normalean ordubetez aritzen garen.”