J.A, bidelaguna-MBA

J.A., bidelaguna: “Erosoa da, bai, etxetik bertatik solasaldia egin dezakegulako”

Bartzelonan jaio bazen ere, J.A. Azpeitian bizi da. Egun erretiratuta dago, baina lanbidez biologoa da. Irakurketa zientifikoa, pianoa zein mendia ditu gustuko, eta euskarazko Wikipedia hornitzen ere ematen du denbora, baita Europako hizkuntza gutxituei buruz irakurtzen ere.

Gaztetan hasi zen J.A. euskara ikasten, gurasoak nafarrak zituelako, eta behin Azpeitira etortzean zekiena praktikan jartzeko aukera aparta izan zuen. Eta hala ari da ordutik: “Nire egunerokoa euskaraz da, euskaraz bizi naiz, eta euskara da euskaldun egiten nauena. Nire nortasunaren funtsezko elementua”.

Euskaldun zaharrekin hartu-emana izatearen garrantziaz jabetuta, AEK-ko mintzalaguna izan zen lehenik, eta Mintzanet ezagutu zuenean egitasmoan parte hartzera animatu zen: “Euskaltzalea izanik, prest nengoen ikasten ari direnei laguntzeko”. Izena eman eta gutxira elkartu genuen bidelari batekin, baina laster utzi zuen programa, eta bigarren kide bat bilatu genion, duela hiru urte. “Zintzi-zintzo” dabiltza astean behin Skype bidez euskara praktikatzen, eta “harreman ona” dutela aitortu digu.

Gasteizko emakume batekin egiten ditu J.A.k solasaldiak, ordubete ingurukoak, eta gai zehatz bat aukeratzen ez badute ere, “normalean gure egunerokoari buruz edo astean zehar egin dugunari buruz” aritzen direla esan digu. “Ulermen maila oso ona” du mintzakideak, eta Mintzanet bidez ahozkotasuna hobetzen ari dela dio: “Tresna oso baliagarria dela iruditzen zait. Euskaltegitik kanpo, euskara praktikatzeko aukera ematen duelako. Agian astebeteko saioa motz geratzen da, baina praktikatu nahi duenak beste bide batzuk bila ditzake. Erosoa da, bai, etxetik bertatik solasaldia egin dezakegulako”.

Gainera, tarteka, eta Mintzanet programatik at, kolonbiar poliglota batekin, euskaraz oso ondo moldatzen denarekin, Skype bidezko solasaldi bat ere egiten du J.A.k. Hilean behin edo, ordubeteko saioa egiten dute euskaraz, eta ordu erdi ingelesez. “Niri ingelesa praktikatzea ere gustatzen zaidalako”, dio J.A.k.

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude