Mintzanet egitasmoko kide dugun Sara de Salterain uruguaitarrak -Amurrioko AEKko irakasleekin batera- eramango du lekukoa KORRIKAren lehen kilometroan. 16:30ean emango diote hasiera 22. edizioari, eta 2.500 kilometroko ibilbidea egingo du Euskal Herri osoan zehar.
Aspaldiko bidelari estimatua dugu De Salterain, euskararen alde luze eta zabal aritutakoa, eta poz pozik dago, ohore handia dela baiteritzo horrenbeste maite duen hizkuntza hauspotzeko sortutako Korrika ekimena abiatuko duelako.
Apirilaren 10ean bukatuko da aurtengo edizioa, eta Euskal Herriko txokoetan barrena berriz izango dugu uruguaitarra ikusteko aukera. Izan ere, Leintz Gatzagan (Gipuzkoa) ere parte hartuko du.
Mintzanetek badu Kilometroa
Euskara online eta doan praktikatzeko aukera ematen duen mintzanet egitasmoak apirilaren 3an (igandean) parte hartuko du ekimenean. Erriberako Valtierran (Nafarroa) jantziko ditugu zapatilak eta herri erdian hartuko dugu lekukoa, 14:20an.
Hitzorduaren garrantziaren jakitun, ezinbestekoa iruditzen zaigu mintzanet sarea eta komunitatea sendotzea. Horregatik, munduko bazter guztietan dauden bidelagun eta bidelariei deialdia luzatu diegu txandala eta zapatilak jantzita dituztela, lagunekin, senideekin, lankideekin, bakarrik… KORRIKA 2022 ekimenaren baitan argazkiak atera eta gurekin partekatzeko. Mintzanet egitasmoaren webgunean argazki-bilduma sortuko dugu bildutako guztiekin, ederra izango da!
Hasi berotzen, bagoaz-eta #HitzEkin euskararen haria luzatzera!