data nola eman Hauek dira euskara estandarrerako arauak [37. araua]: -> Durango(n), 2010eko martxoaren 7a(n) moldea (*Durango(n), 2010eko martxoak 7). Aukerakoa da NON/NOIZ kasu-marka (-n) erabiltzea; hala ere, eskutitzetan-eta erabiltzeko, absolutiboa (NOR kasua) da modu egokia. -> Era laburtuan ere eman daiteke —zenbaki bidez, alegia—, dagozkien lotura-bokalak zainduz betiere: 2008/03/07; 2008-III-07; 2008-03-07tik; 2008/III/05eko, etab. -> Urtarrilak 20 bezalakoak ere erabil daitezke, baina aposizioan soilik —koma artean— (gaur, urtarrilak 20), tituluetan (2016ko azaroak 14) eta gisakoetan. Beraz, kasu horietatik kanpora ez da zuzena: *Otsailak 24tik 27 arte izan zen (> Otsailaren 24tik…) // *Datorren otsailak 14 egingo dugu bilera (> otsailaren 14an). *Azterketak urtarrilak 23tik otsailak 9ra izan dira (> urtarrilaren 23tik otsailaren 9ra). -> Aposizioan, hiru modutara eman daiteke asteko zein egun den: a) martxoaren 8an, ostegunean (NOIZ adierazten du aposizioak ere) b) martxoaren 8an, osteguna/ostegunarekin, (…) (NOIZ hori zer egun den argitzen du aposizioak) Ez da zuzena era honetara: *martxoaren 7an, ostegunez, ezkonduko dira. (→ goizean, goizetan /goizez; trenean/trenez) Arauan berariaz adierazita ez badaude ere, konbentzio hauek kontuan hartzekoak dira: -> Datari dagokion urtea idaztean, ez da erabiltzen –garren atzizkia (ez letraz eta ez puntuaz), salbu urte-kopuruaren ondoren urte hitza idazten denean (eta orduan, nahitaez). Adibidez, 1982an (*1982gn, *1982gn., *1982.ean, *1982garren), 1952an, 1952. urtean (*1952.ean), 1664ko udaberrian, 2001eko abenduaren 13an… -> Milatik gorako urteak punturik gabe idazten dira, digitu guztiak elkarrekin lotuta, tartean hutsunerik utzi gabe: 2008ko iraila (*2.008ko iraila, *2 000ko iraila), 1945ean (*1.945ean). (→ zenbaki kardinalak) -> Hamaika zenbakia a letraz amaitzen denez, ez zaio erantsi behar beste –a bat: *abenduaren 11an etorriko gara (> 11n); ahozko moldean: [*hamaikean (> hamaikan)]. Honetara, beraz: 11tik, 31ra, 71ko (*11etik, *31era, *71eko). -> Bestalde, urte-hamarkadak adierazteko, molde hau da egokia: 60ko hamarkada (eta ez *60. hamarkada). Euskara Batuaren Eskuliburua (moldatua) Ariketa bat, HEMEN |