Peio Duzan, bidelaria: “Euskal Herria gorputza da, eta euskara bihotza”

Peio Duzan (Toulouse, 1985) bidelaria Estrasburgon bizi da, eta inguruko euskaldun bakarra dela dio. Bere familia ez da euskalduna, baina  txikitan jaioterrian pilotan jokatzen hasi zenean konturatu zen euskaraz bizi nahi zuela. 2014an hasi zen liburu sorta batekin hizkuntza bere kasa ikasten, Berria egunkaria irakurtzen, eta pilota partidak euskal telebistan jarraitzen.

“Niretzat oso garrantzitsua zen euskaraz ulertzea, hitz egitea. Euskaraz bizi nahi nuen”, dio Duzanek. Horregatik, Mintzanet proiektuarekin bat egin zuen. Hasieran Juan Karlos Merinorekin egiten zituen saioak eta, orain, Ander Olalde azpeitiarra du bidelagun. Dituen bi alabei ere euskaraz mintzatzen zaiela aitortu digu, eta emaztearen babesa dauka.

Euskal Herria, eta orokorrean gizartea, ongi ulertzeko euskara ezinbestekoa dela dio bidelariak: “Euskal Herria gorputza da, eta euskara bihotza. Euskal Herria ezagutu nahi baduzu, euskara ikasi behar duzu”.

2019an Euskal Herrian igaro zituen familiarekin oporrak, eta Mintzaneteko koordinazio taldeko kideok aurrez aurre ezagutu genuen.

Eskerrik asko, Peio!

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude