Pilar Iragorri oiartzuarra da baina Donostiako Zorroaga adinekoen egoitzan bizi da. Bera da, 90 urterekin Mintzaneten une honetan dugun parte hartzailerik zaharrena. Egoitzan bertan ordenagailua pizten diote saioa duen bakoitzean: “Hainbat ikastaro egin ditut ordenagailuarekin baina oso urduri jartzen naiz, ezin dut”, aitortu digu Iragorrik. Hala ere, orain tabletarekin hasiko omen da, bat erosteko asmoa baitu.
Pablo Ortueta da bere bidelaria, Leioakoa eta 73 urte ditu. Pilarrek esan digunez, Mintzanet laguntza ona da askok euskara ikasi eta ez dutelako norekin hitz egin. “Ikasten ari dela ikusten dut eta erakusten didan grinak eta gogoak poza ematen dit”, kontatu digu oiartzuarrak.