Ignacio Alustizaren (Necochea, Argentina, 1991) aita 2 urterekin joan zen Euskal Herritik Argentinara bizitzera bere gurasoekin. Horregatik, Ignaciok duela zazpi urte euskara ikastea erabaki zuen eta La Platan, Soziologia ikasten zuen unibertsitatean bertan, Etxepare Institutuko irakurletzari esker, euskara eskoletara joan zen. “Euskara niretzat oso garrantzitsua da, jendea ezagutzeko eta bidaiatzeko aukera asko eman dizkit, gainera”.
Orain dela lau urte, Euskara Munduan programan ikaskide batzuek Mintzaneti buruz hitz egin zioten eta izena ematea erabaki zuen: “Euskara praktikatzeko eta jende berria ezagutzeko aukera bikaina da”. Bere bidelaguna azpeitiarra da eta oso ongi moldatzen dira: “Nire amona Azpeitikoa zen eta horrek lotzen gaitu. Edozein gairi buruz hitz egiten dugu eta astean behin elkartzen saiatzen gara. Ezin dugunean WhatsAppez ere aritzen gara”. Ignaciok badu Azpeitira joan eta bere mintzakidea eta familia ezagutzeko gogoa.
Proiektuan parte hartzea gomendatzen du: “Garrantzitsua delako hitz egiteko orduan beldurra galtzea eta gainera, doan da”.
Argentinan euskara gero eta indartsuagoa dela kontatu digu Ignaciok, euskarak zerbait “berezia” baitauka.