Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
|
Artikulua
Bada beldur bat
Bada beldur bat abisurik gabe eta erabat hartzen gaituena.
Otsaileko albatrosak itsaslabarretan bezala
gure gogoan pausatzen da,
dena ospel, dena uzkur, dena ahul bilakatuz.
Berehala etxera deitzera behartzen gaitu,
ahots ezaguna entzun eta lasaitzeko.
Eta, tamalez, aldika beldur hori
gaizto izaten da eta zehatz,
eta haize berdeak ekaitza halatsu
iragarri egiten du dohakabea.
Berri txarra aditu bezain laster hurbildu ginen ospitalera.
Osabak besoarekin inguratu eta alboratu egin ninduen.
Belarrira egiten zidan hitz eta nik bere eskua ikusten nuen soilik.
Txalupan mozoloak harrapatzeko gauza zen esku kakotu hura.
“Bizitzan gauza batzuk onartu egin behar dira.
Honek ez du batere itxura onik. Ausart izan behar duzu”.
Inoiz ez naiz hain bakarrik sentitu.
Kirmen Uribe