Eduardo Arrayet (Alegia, 1949) filosofia irakaslea eta delineatzailea izan da. Orain erretiroa hartuta dago, eta berak Eusko Jaurlaritzaren ‘Administrazioa Euskaraz’ aldizkariaren bidez izan zuen Mintzaneten berri. “Euskara indartzeko eta zabaltzeko proiektu onak eta txalogarriak” gustatzen zaizkio, bere hizkuntza bultzatzen dutenak.
Horregatik, bidelagun gisa eman zuen izena Mintzaneten eta geroztik Getxoko gizon batekin astero hitz egiten du. “Harreman polita daukagu. Joan den urteko udaberrian egun batez, Getxora joan nintzen. Beste batean bera ere Alegiara etorriko omen da. Ordu erdiko saioa adostu genuen hasieran, baina berehala hasi ginen ordubeteko saioak egiten, eta horrela jarraitzen dugu”, esan du Arrayetek.
“Txintxoak” direnez, oso gutxitan huts egiten dutela dio. Gainera, hitz egiteko gairik ez omen dute behar, “beti ateratzen da zerbait”, dio.
Zentzu horretan, bere bidelaria eta berak bikote ona egiten dute. “Euskara minuturo praktikatzen dut nire herrian, eguneroko harremanetan, baina orain nire bidelaria zein polifazetikoa, ekintzailea, bizia, umoretsua eta bizkorra den ikusi dut. Aberatsa, hitz batean esateko, eta egiten dituen hainbat gauza azaldu eta erakutsi dizkit, hala nola, zurez eginiko hegazkin eta itsasontzi maketak”, adierazi du Arrayetek.
Horregatik, berak Mintzaneten parte hartzea gomendatuko luke: “Euskara zabaldu eta indartzeko, eta jendearekiko harremanekin ematen dugun adina edo gehiago geuk jaso eta aberasten garelako, geure mugak hedatuz. Bide batez, euskararekiko maitasuna sendotzen laguntzen badiogu elkarri, hobe”, azpimarratu du.