Arratsaldeko zazpiak jota hasi dugu aurkezpena Etxebarriko Cime eraikinean, ordenagailuz beteriko gela batean. Izan ere, hori da beraien asmoa: informatikaz ez dakienari Mintzaneten parte hartzen erakustea eta saioak egiteko lekua eskaintzea.
Ritxi lizartza proiektuaren arduradunak egin du aurkezpena eta ikusleen artean bi kazetari egon dira, informazioa biltzen euren komunikabideetan Mintzaneti buruzko erreportaje bat argitaratzeko.
IRUDIAN: Ritxi Lizartza Mintzanet zer den azaltzen: “Euskara online eta doan praktikatzeko egitasmoa da”
Zuzeneko saio bat ere egin dugu, Marisa Barrena bidelaguna Durangoko bere etxetik berriketan aritu da ikusle batekin, Monikarekin. Marisak bidelagun gisa bizi duen esperientzia kontatu digu: “Oso pozik nago nire bidelariarekin, Izaskun bilbotarra da eta jada aurrez aurre ere ezagutzen dugu elkar”.
IRUDIAN: Monikak irribarretsu entzuten du Marisa Barrena bidelagunak kontatzen diona.
Hurrengo geltokia Getxo izango da Mintzanetentzat, datorren ostegunean bertan aurkezpena egingo baitugu.