Argentinan bizi da Flor Deniz, Cordoban, baina dagoeneko hirugarrenez izan dugu Euskal Herrian bisitan. Orain urrena, 2019an hurbildu zen Donostiara, eta urte hartan Joxe Marcos bidelagunarekin izandako topaketa izan du gogoan: “Oso esperientzia berezia eta polita izaten da mintzakidearekin elkartzea”.
Aurten, Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren baitan Lazkaoko Maizpide Euskaltegian euskara eskolak jaso ditu argentinarrak urtarrilaz geroztik, eta euskara irakasle izateko gaitasunarekin itzuli da sorterrira. Euskara praktikatzen jarraitzen du Mintzanet egitasmoan, eta itsasoko kutsadura ikertzen ari den Laura de Miguel Jimenezekin hitzartzen da Internet bidez astero.
Plentziara bizitzera joan bezain laster euskaraz maitemindu zen Laura, eta berak ere Florrekin aritu aurretik beste bidelagun batekin praktikatzen zuen euskara. Orain baina, batera egiten dituzte saioak, eta argentinarraren egonaldia aprobetxatuz, aurrez aurre elkar ezagutzeko tartea izan dute, Donostian bertan, eta beraien arteko harremana sendotu dute: “Bazirudien betidanik ezagutzen genuela elkar, dagoeneko planak dauzkagu berriro ere elkartzeko pandemia bukatzean”, aitortu digu Florrek.
Enkontruaren argazkia bidali digute, Txomin, Lauraren bikotea, eta Kira, haien txakurra, ere aldamenean dituztela.
Mila esker, neskak!