Gustavo Ossak 29 urte ditu, eta Valparaison (Txile) jaio zen. Haginlaria da, eta arbasoak Euskal Herrikoak ditu, eta horrez gain, txikitatik maite izan ditu hizkuntzak. Izan ere, ingelesa menperatzen du, eta italiera ikasten ari da.
Bere ustez, hizkuntzak ezagutzeak “mundu berriak” zalbadu dizkio. “Euskara asko gustatzen zait, baina zoritxarrez ez dut denborarik mintzatzeko. Batzuetan lagunekin –bai txiletarrak, bai euskaldunak- nire urratsa mantentzeko hitz egiten dut. Nire anaiek hitz batzuk badakizkite, baina normalean gaztelaniaz hitz egiten dut. Horregatik, proiektu hau izugarri gustatzen zait”, adierazi du Gustavok.
Berak diasporan dagoen jendearen egoera azpimarratu nahi du: “Euskara gure altxorra da, jendeak ez daki diasporan ere hitz egiten dugula, edo behintzat saiatzen garela. Horregatik, Mintzanet primeran datorkigu praktikatzeko, hobetzeko, mantentzeko, eta Euskal Herria eta diasporaren artean zubiak eraikitzeko”.
Bere bidelaguna Ainhoa Ezeiza da. “Oso pertsona jatorra, zintzoa, atsegina, interesgarria eta alaia da. Irakaslea da eta nik ere klaseak ematen ditut Odontologiako fakultatean. Gainera, antzeko gustuak ditugu: arte martzialak, kirola… Oso interesgarria da berarekin hitz egitea”, esan du Gustavok. “Ainhoari asko gustatzen zaio ni eguerdiko matearekin ikustea eta ni bera arratseko kafearekin. Polita da sentsazio hori, hura udaberrian, ni udazkenean…”, gaineratu du bidelariak.