Jalgi Hadi Mundura euskara-elkarte birtualeko kideek taldearen bigarren urteurrenaren ospakizuna Korrikaren 22. edizioarekin uztartu zuten iragan apirilaren 3an, eta horretarako, online saio berezia atondu zuten ZOOM plataforma bidez. “Hitzekin”, Korrikaren leloa bere eginez, kide bakoitzak gogokoen duen euskarazko hitz bat hautatu eta testu bat sortu zuen, hura zergatik aukeratu duen azalduz. Eta orain, bilduma osatuta, liburu forma eman diote, eta Zortziko argitaletxeak argitaratu du.
Mintzanet egitasmoko proiektu-burua den Ritxi Lizartzaren hitzak irakur daitezke hitzaurrean, eta proiektua ezagutzeko aukera egongo da, izan ere, ezin ahaztu dezakegu, mundu osoko Mintzaneteko erabiltzaileek bultzatutako elkartea dela JHM, mintzapraktika talde handian egiteko asmoz sortutakoa. Asisko Urmenetak eginiko ilustrazioa ikus daiteke azalean, eta Hitzetatik harago-ren orrietan barrena, hitzak aurkituko ditugu, bakoitzari dagokion azalpen testuarekin eta elkartekide diren Txaro Diezen eta Andrea Bellaren marrazkiekin apainduta.
Azkenik, Ainara Mayaren eskutik, gibel solasa. Liburuarekin batera, “hitzekin” sortutako testuen eta taldeko bertsozaleek (Ani, Oier, Todor, Andrea eta Andoni) egindako bertsoen audioez osaturiko CD bat ere oparituko dute. Azken honen egilea, Jabi Amadoz kidea da.
Atzo, azaroaren 29an, Baionan aurkeztu zuten ‘Hitzetik haratago’ liburua, eta abenduaren 4an jarriko dute salgai, Urruñako Loraldiberri liburu-azokan. Durangoko Azokan ere erosteko aukera egongo da. Baita, Raul Alfaro ‘Falu’ Mintzaneteko erabiltzaile eta lagun handiak idatzitako Bixente ipuin-liburua ere: “Bixente Otsagabiako gaztetxo bat zen, eta gazte-gaztetan hasi zen artzain. Eguneroko bat idazten zuen, eta ondorengoei bere ondarerik handiena, euskara, transmititu zien, nahiz eta Nafarroako Erriberan bizi”.
One thought on “‘Hitzetatik harago’ liburua aurkeztu du JHM taldeak”