Isabel Elorza-MBA-Mintzanet

Isabel Elorza, bidelaguna: “Munduko hainbat lekutako pertsonekin elkartzeko parada ematen dizu Mintzanetek”

Aizkorri mendiaren magalean bizi da Isabel Elorza bidelaguna, Zegaman. Segurakoa da sortzez, eta 63 urte ditu egun. Ofizioz erizaina, EHU/UPVn irakasle izan da; eta antropologian doktorea. Bi alorrak uztartu izan ditu.

Mintzanet sortu berritan, duela 10 urte inguru ezagutu zuen egitasmoa, unibertsitatean klaseak ematen zituen garaian, eta ordutik izan du parte hartzeko gogoa. Oraintsu arte baina, denbora faltagatik, ezin izan du egin. Txilen bizi den Raimundo Zubelzu “mutil motibatuarekin” elkartu genuen 2022an, eta  astero-astero aritu dira saioak egiten: “Gehienetan larunbatetan elkartzen gara, eta ez dugu aurrez ezer prestatzen; egia da bera musika zale amorratua dela eta askotan hori izaten da gure gai nagusia. Baina ez da bakarra; berak oinarrizko euskara irakasten du Santiagoko Euskal Etxean eta online eta hori ere gaietako bat izaten da”.

Hango eta hemengo ohiturak komentatzen dituzte sarri, gastronomia edota munduko gorabeherak: “Denetik pixka bat, ez dugu isilunerik, larunbatero moldatzen gara egoerara. Oraintxe hasi dugu hirugarren urtea eta nik uste dut ordu polita pasatzen dugula elkarrekin astero”. Bitxikeria gisa, jakinarazi digu Raimundo Santiagoko Korrikaren antolatzaileetako bat izan dela: “5 kilometrotako ibilbidea antolatu zuten eta bera izan zen lekukoak zeraman mezua irakurri zuena. Hori dela eta, EITBko programaren batean eta Segura Irratian elkarrizketatu zuten, azken honetan euskara hutsean”.

Iaz, Elorzak Malagan bizi den Maria arabarrarekin ere egin zituen saioak, eta aurten, Alban Jollivet frantziarrarekin dabil. “Frantzia hego-ekialdekoa da eta momentu honetan Grenoblen ari da bere filologiako ikasketak burutzen. Ez du inongo erlaziorik euskarekin ezta euskaldunekin ere baina hizkuntza interesatzen zaio eta baita Euskal Herria ere. Gure kulturari buruz dena jakin nahin du”.

Irakasle argentinar batekin hasi omen da Jollivet euskara ikasten, eta primeran hitz egiten duela diosku Elorzak: “Berak dionez ez du inongo aukerarik praktikatzeko. Horregatik interes handia du astero norbaitekin hitz egiteko. Bi saio besterik ez ditugu burutu baina bere jarrera miresgarria dela iruditu zait. Oraingoz euskalki desberdinak eta euskal ohitura batzuk izan dira gure arteko gai nagusiak baina astero ordu beteko astearteko saioetan ez dela izango gaien mugarik iruditzen zait, edozer materia tratatuta ere prest dagoela entzuteko eta hitz egiteko iruditu zait”.

Meritua aitortuz

Mintzanet proiektua “oso interesgarria” iruditu zitzaiolako erabaki zuen Elorzak bertan parte hartzea, “batere esfortzurik gabe hitz egiten dudan hizkuntza pertsona askorentzako izugarrizko lana zela behatzerakoan”. Eta nola saiatzen diren ikusita, horien meritua azpimarratu digu: “Horiek guztiek izugarrizko meritua dutela iruditzen zait eta nik nire ekarpen txikia emanez, agian pixka bat lagundu dezadala pentsatzen dut, mugekin noski, ze betidanik gaztelaniaz hezi bainaiz”.

Bada, euskaraz ikasi nahi duten edo ari diren, baina praktikatzeko aukerarik ez dutenei laguntzeko eskuzabal ageri da, “eguneroko hizkuntza” baitu egun, eta Mintzanetek eskaintzen dituen abantailak aprobetxatuz ekarpena egiteko “modu erosoa” dela nabarmendu digu: “Mintzanet online izanez, abantaila handiena iruditzen zait munduko hainbat lekutako pertsonekin elkartzeko parada ematen dizula eta horrela lekuan lekuko historia eta istorioak ezagutzeko aukera zabala lortzen duzula”.

Are, bere rolari buelta eman, eta frantsesa ikasten hasi dela esan digu; bidelaria da kasu honetan.

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude