Rafa Retegi eta Alfredo Laborde elkarrekin, Donostian

Sei urte inguruz ordenagailuko pantaila aurrean hizketaldiak izan dituzte Rafa Retegi eta Alfredo Labordek. Nafarra da lehena, Igantzikoa; argentinarra bigarrena, Tres Arroyos herrikoa; eta Mintzanet egitasmoari esker ezagutu dute elkar. Laborde ez da sekula Euskal Herrian izan, baina Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programari esker, Lazkaoko Maizpide Euskaltegian euskara eskolak jaso ditu hilabete t’erdiz. Egonaldia aprobetxatuz, Retegi bidelagunarekin elkartzeko aukera eskaini diogu Mintzaneteko koordinazio-taldeko kideok.

“Zalantzarik gabe, oso une berezia izan da aurrez aurreko topaketa; gure adiskidetasuna berrestea ere bai. Gainera, Donostia bezalako leku zoragarri batean”, azaldu digu argentinarrak. COVID-19 birusak eragindako pandemia bete-betean bisitatu gaitu, eta egoerak baldintzatuta moldatu ditu aurreikusita zituen planak: “Rafa pertsona bikaina dela uste dut, eta gustatuko litzaidake bere ingurua ere bisitatzea, baina, pandemiak ez digu aukerarik eman, Hala ere, batzen gaituzten gauza onekin geratu behar dugu”.

Retegik, bere aldetik, aitortu digu pixka bat urduri zegoela Alfredo trenez Donostiara noiz iritsiko zain zegoenean, baina trenetik jaitsi eta Skype bidez egin ohi dituzten saioetan bezala “bere bizar gorriarekin”  ikusi bezain laster urduritasunak ahaztu zitzaizkion: “Tren geltokitik jatetxe batera joan ginen eta bertan izan genuen solasteko aukera ederra, egia errateko hagitz eroso sentitu ginen. Hori bai eguraldi hagitz txarra atera zen egun horretan eta barnean egon behar izan genuen”.

Donostiako alde zaharrera jo zuten arratsaldean, eta iluntzean bi lagunak penaz elkar agurtu zuten: “Pena haundia izan da bera Nafarrora etorri gabe Argentinara itzuli behar izatea. Alfredok gogo haundiak zituen  Igantzi eta batez ere Baztan Bortziriak eta inguruak ikusteko, bainan oraingoan, birusa dela eta, Argentinara itzuli beharko du bertan egon gabe. Espero dut bertze urte batetan aukera berriro izatea hemen elkartzeko”.

Mila esker, bikote!

Rafa eta Alfredo-Mintzanet

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude