JHM euskara elkarte birtuala-Mintzanet

Jalgi Hadi Mundura euskara elkarte birtualak urtea beteko du: “Ezina ekinez egina”

Euskara online eta doan praktikatzeko aukera ematen duen Mintzanet egitasmoan parte hartzen ari diren zenbait erabiltzailek martxan jarritako proiektua da Jalgi Hadi Mundura euskara elkarte birtuala. Duela lau bat urte lagunartean sortutako WhatsApp talde bat izan zuten abiapuntu, baina ideia 2020an garatu zuten kideek: COVID19aren pandemiaren eraginez Mintzaneteko erabiltzaileen arteko harremana sustatzeko zonaldeka komunitate birtualak eratu genituen, eta ‘Mintzanet Bizkaia’ taldean proposatu zuten WhatsApp taldea elkarte birtual bilakatzea. Elkarrekin online saioak egiteaz gain, asmoa euskara eta euskararekin lotuta dauden ekintzak sustatzea izan zuten, bai Euskal Herrian baita Diasporan ere.

2020ko apirilaren 3an ekin zioten lehenengo saioari, eta ordutik, asteartero eta larunbatero hitzartzen dira. “Hasiera batean lagunen artean, whatsapp bidez, saioetan parte hartzeko gonbidapenak luzatzen genituen. Eta, esan behar da, arrakastatsuak izan zirela lehenengo topaketa haiek. Alegia, kuriositateagatik, pandemiagatik, zerbait berria ikusteagatik, hainbat lagun gureganatu genituen. Oso aberasgarriak izan ziren saio horiek, baina bide horren hasieran geundenez, asko genuen oraindik ikasteko”, esan digu elkarte birtualaren sortzaileetako bat den Andrea Bellak.

Pixkanaka-pixkanaka saioak nola antolatzen ikasi zuten, moderatzaileak eta gaiak jarri zehaztu zituzten, partaide guztien ekarpena bermatzeko. Hogei bat lagun batzen dira normalean, eta blog bat ere sortu dute: jalgihadimundura.blogspot.com.

Dagoeneko 100 saio egitera iritsi dira eta pozarren daude. Gainera, Urugaitik, Txiletik eta Argentinatik etorritako zenbait lagun,  Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren harira, Euskal Herrian izan ditugula aprobetxatuz, elkarteko hainbat kide aurrez aurre elkartu direla esan digu Andrea Bellak: “Harreman ederrak sortu eta sendotu dira gure artean azken urteotan, eta, aurrez aurre egoteko aukera izatea zoragarria izan da. Pandemia dela eta, Jalgi Hadi Mundura taldeko lagun guztiak ezin izan gara elkartu, hurrengorako izango dela esanez agurtu ginen. Elkartu ginen lagunok: Bego, Alfredo, Sebas, Vale, Ainara, Falu, Rafa, Bati, Irantzu, Andoni, Ani, Marije Luis, Oier, Inma, Marijo, eta ni neu, Andrea”.

Jalgi Hadi Mundura euskara elkarte birtualak urtebete beteko du dagoeneko, eta saio berezi eta ireki batekin ospatuko dute apirilaren 3an. Horretarako, parte hartu nahi duen orori gonbita luzatu diote antolatzaileek, eta interesa dutenek posta jalgihadimundura@gmail.com helbide elektronikora apirilaren 2a baino lehen mezua bidal dezaten eskatu dute. Saioa Zoom bidez egingo dute, Euskal Herriko 19:00etan; Hego Amerikako 14:00etan.

Elkartearen izaerarekin bat datozen helburuak gurekin partekatu nahi izan dizkigu Andreak:

  • Euskara sustatzea Euskal Herrian eta munduan hiztun gehiago lortzeko asmoz.
  • Euskararen erabilera bultzatzea sare sozialetan baita leku fisikoetan ere.
  • Euskalduna zer den erakustea: euskara duena, eta euskaraz aritzen dena.

EGINEZ EKINGO DIOGU EUSKARA ZABALTZEARI

BIZI POZA EMATEN DIGUNA BAITA

BATZEN GAITUENA

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude