Irakaslea da Kepa Etxebarria Artetxe (1968) galdakoztarra, eta Mintzaneteko ordezkariak berak lan egiten duen institutuan proiektuaren berri ematera azaldu zirenean ezagutu zuen egitasmoa. Bidelagun izateko izena eman eta hiruzpalau urte daramatza euskara praktikatu nahi duten bidelariei laguntzen, bere “aletxoa” jartzen.
Euskararekiko jarrera irekia izaten saiatzen dela adierazi digu Kepak, eta “etxetik jaso dugunontzako nahiko erraza” izan badaiteke ere, “euskaldun berriek meritua” dutela uste du. Hala, denon artean euskara mantentzen saiatu behar garela dio. Izan ere, bere hitzetan, “erraza da hizkuntza handien defendatzaile izatea, baina gure hizkuntzak ez du egingo aurrera guk ez badugu defendatzen. Euskara nire arbasoen hizkuntza izan da, eta nire herriaren hizkuntza da”.
‘Mintzanet bere ahotan’ atalean bere esperientzia partekatu digu galdakoztarrak. Biba zu, Kepa!