Duela urtebete, COVID-19ak eragindako pandemia bete-betean, Kristina Arbaizar beasaindarrak euskaraz komunikatzeko beharra sentitu zuen. Erretiroa hartu berritan, Internet bidez hizkuntza praktikatzeko aukerarik zegoen bilatu eta Mintzanet egitasmoarekin egin zuen topo. Izena eman, eta zera aipatu zigun: “Euskara ez dut behar lan egiteko, euskaraz komunikatzeko gai izan nahi du. Eta horretarako euskaraz hitz egin eta entzun behar dut”.
Berehala jarri ginen Kristinarekin harremanetan, eta Atarrabian bizi den Antton Goñi bidelagunarekin lotu genuen. Urtebeteko bidea egin dute elkarrekin, hizkuntza-praktika helburu, astero-astero pantaila bidez atondu dituzte hitzorduak, eta “esperientzia oso positiboa” izan dela aitortu digu beasaindarrak. “Internet bidezko hizketaldia presentzialki egitea bezain eraginkorra izan daiteke. Erosoa da eta joan-etorriak saihesten ditu”.
Martxoan eten zuten Kristinak eta Anttonek harremana, baina bidelariak biziki eskertu dio bidelagunari jasotako arreta eta izandako pazientzia: “Lehenik eta behin, Mintzaneti eskertu nahi diot euskaraz hitz egiteko ematen digun aukera. Eta Anttoni ere eskerrak eman nahi dizkiot, izan duen pazientziagatik eta berarekin euskaraz hitz egin ahal izateagatik”.
Eskerrik asko zuri, Kristina, guregan izandako konfiantzagatik!