Udan ere euskaraz! mendian, hondartzan, barnetegian, oporretan…
Apirilean, 22. Korrika ospatu zenean, mintzanet.eus egitasmoko erabiltzaileen argazkiak eta bideoak batu genituen atariko galerian, eta orain, uda sasoian murgilduta, ekimena errepikatzeko asmoa daukagu.
Asteburu honetan bertan, milaka herritar mendietara joango dira Euskal Herritik Kataluniara argia piztera. Gure esku ekimenaren proposamena da Pirinioetako bidea, eta mintzalagun asko, bidelari eta bidelagunak, mendirako bidean izango direla badakigu. Bertatik argazki eta bideoak bidaltzea eskatu nahi dizuegu, udako argazki eta bideo galeria osatzen hasteko.
Hitzordu honen eta beste batzuen garrantziaren jakitun, ezinbestekoa iruditzen zaigu mintzanet sarea eta komunitatea sendotzea. Horregatik, munduko bazter guztietan dauden bidelagun eta bidelariei deialdia luzatu nahi dizuegu uda honetan, egiten duzuena egiten duzuela -mendian gora, itsasertzean, oporretan, barnetegian…-, euskaraz, argazki edo bideo bidez gurekin partekatzea.
Mintzanet egitasmoaren webgunean argazki-bilduma sortuko dugu bildutako guztiekin, ederra izango da!
Iñaki Urbistondo bidelaguna Lahrun mendian izan da, Pirinioetako bidea ekimenean.
Isabel Iraugi bidelagun durangarra ere Gure Eskuk antolatutako ekimenean izan da, utzaila hasieran. Lindus menditik bidali dizkigu argazkiak.
Eduardo Arrayet bidelari gipuzkoarra, aldiz, Alemanian da, Mecklenburg-Vorpommern estatuko gazteluak bisitatzen.
Algortako txokoan, mintzlagunez inguratuta, bazkari ederra prestatu du Joserra Onandia bidelagun eta bidelariak. On egin!