Haur hezitzailea da Maider Zuntzunegi zizurkildarra (1974), euskara biziki maite duena. Ama hizkuntza du, eta jaio zenetik bizi da euskaraz. Bere ezagutza partekatzeko gogoz, eta behar dutenei praktikatzen laguntzeko eskuzabaltasunez, Mintzanet egitasmoan izena ematea erabaki zuen. Lagun baten bidez ezagutu zuen proiektua, eta oso baliagarria dela deritzo: “Euskarak Mintzanet bezalako egitasmoen premia du, biziko bada. Ikasten ari den askok ez baitu non erabilia”.
Astean behin elkartu izan da, online, Mintzanet egitasmoko koordinatzaileok proposatutako kidearekin, eta ordu erdiz aritu izan dira solasean: “Oharkabean pasatzen zaigu denbora, askotan ordubetez jardun izan dugu bat-batean sortzen zaizkigun gaien inguruan”.
Pozik dago Maider Mintzaneten izan duen esperientziarekin, eta bidelagun izatera animatu nahi ditu herritarrak: “Hizkuntzaren alde zerbait egiteko gogoz izanez gero, era erosoan egin daiteke Mintzaneti esker. Ikasten ari denaren esfortzuak, astean ordu erdiko tartea merezi du”.