Mikel Fernandez (Barakaldo, 1979) bere anaia Gorkak “bultzatuta” hasi zen Mintzaneten. “Bera aspalditik dabil bidelari gisa eta esperientzia ona izan duenez, nik ere izena ematea nahi zuen”. Eta halaxe egin zuen.
Bere ustez, “esfortzua egunero egin behar dugu” euskara zabaltzeko eta “merezi duen lekuan jartzeko”. Helburu horretan, Mintzanetek “aukera ederra” ematen duela adierazi du. “Proiektua ona da eta nire bidelagunarekin, Asierrekin, oso ondo moldatzen naiz, beti daukagu zerbait kontatzeko, zaletasunak partekatzen ditugu: natura, mendia, hizkuntza…”, esan du Mikelek. Haiek, normalean, 40 minutuko saioak egiten dituzte eta jariotasuna lantzea lortu dute.
Zentzu horretan, Mikelek azpimarratu du zein garrantzitsua den beretzat euskaraz hitz egitea. “Nire alaba nagusiak, Maialenek, orain dela lau urte esan zidan: “Aita, gure harremana euskaraz izatea nahi dut; bestela, gure hizkuntza galduko da. Berarekin euskaraz jolasten dut, barre egiten dut, euskaraz egiten diot errieta, eta euskaraz maite dugu elkar”. Mikel bidelari hasi zen Mintzaneten eta gaur egun, bidelaguna da.