Mintzanet familia

‘Familia’ hitzaren laugarren adiera bat dator Mintzanetekin. “Nolabaiteko loturak elkartzen dituen lagun edo gauzen multzoa”. Seguru aski, gaur egun hori da Mintzanet, euskarak lotzen duen lagun multzo bat. Baina niri Eusko Jaurlaritzaren Hiztegi Entziklopediaren lehenbiziko adiera gehiago gustatzen zait: “Ahaidetasun hurbilak lotzen dituen kideen multzoa, berez etxe berean bizi direnak”. Gaur egun proiektu hau zer den hobe deskribatzen baitu.
Duela sei hilabete maramara* taldeak egitasmo hau jarri zuen martxan Donostiako Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren Etxepare Institutuaren, EHUren, Topagunearen eta Bagera Elkartearen sostenguarekin. Euskara bultzatzea da bere helburu nagusia eta horretarako Internet erabiltzen da. Horren sinple. Elkarrizketak sarean antolatzen dira laguntzaile eta ‘ikasleen’ edo hobetu nahi dutenen artean. Orduz geroztik, gure bidelagunek eta bidelariek saio asko egin dituzte eta gero eta jende gehiagok ezagutzen du zerbitzu soziala izateko bokazioa duen proiektu hau. Izan ere, 200 pertsona inguruk osatzen dute orain Mintzanet eta familia birtual baina benetako batean bihurtu dela esan genezake.
Batzuetan zailago beste batzuetan errazago, parte hartzaileek gogoz ekin diote egitasmoari: batzuek hain eskasa den denbora libre hori oparituz, eta beste batzuek izugarrizko esfortzua eginez ordu erdiz euskaraz solastuz. Bitartean, harremanak sortu dira eta istorio bitxi asko; bikote adina. Jose Mari, Izaskun, Christian, Ines, Jon, Ione, Raul, Kepa, Marijo edo Ainhoa dira horien protagonistak.
Euskal Herriko txoko askotan erabiltzen da jada Mintzanet, baita atzerrian ere; Sevillan, Burgosen edo Bartzelonan familia honen kide direnak ditugu, baina euskaraz jarduten dute ere Estatu Batuetan, Txilen, Kolonbian, Argentinan, Errusian edo Kaledonia Berrian.
Etxetik atera gabe euskara praktikatzeko aukera paregabea da Mintzanet, euskaraz bizitzeko parada ematen du, mugak gainditzen ditu (distantzia, bakartze linguistikoa, denbora eragozpenak edo arazo fisikoak). Eta hori horrela dela egiaztatu dute Xabier Euzkitze, Julian Iantzi eta Kike Amonarriz telebista aurkezleak, Egoitz Lasa aktoreak, Harkaitz Kano idazleak eta David Doblas saskibaloi jokalariak, besteak beste.
Familia hain berezi hau gero eta handiagoa izatea espero dugu. Parte hartu eta parte izan nahi baduzu sartu www.mintzanet.net en euskaraz bizi nahi duen jende asko zure zain dago eta!

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude