Gabonetako oporretan bete-betean sartuta gaudela, Algortako bizilagunek “Euskara afaria” ospatu zuten abenduaren 21ean, Bidebitarte txokoan. Bertan izan zen Joserra Onandia (Getxo, 1945) bidelaria, Erromoko euskaltegiko ikaskideak, irakasleak eta berba-lagunak, besteak beste. Guztira, 30 lagun batu ziren.
Afaria prestatu bitartean, mintzapraktikako irakasle izandako Imaren bisita izan zutela esan digu Onandiak: “Ima irakasle berezia eta atsegina izan zen”. 21:00etan mahairatu ziren lagunak, eta mokaduak jan ostean berakatz-zopa, bakailaoa bizkaitar erara eta postrea jan zuten: “Laranja-xerra bataiatuta, izozkia eta turroiak”.
Kafea hartu zuten gero, eta kantatzeari ekin zioten: “Mintzaneten aldeko aldarria abestu genuen lehenengo, eta ondoren beste hainbat. Abestien artean txisteak eta pasadizoak ez iren falta izan”. Horien artean, Ruper Hormazak Bermeoko euskaran kontatutakoa iruditu zitzaion interesgarriena.
Orokorrean, “giro alai eta atsegina” izan zutela azpimarratu digu Onandiak, eta uneoro euskaraz hitz egin zutela. Helburua beteta, pozik itzuli ziren denak etxera, lagun berriak ezagututa.
