Iturria: Jabier Oses Azurmendi
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
|
Artikulua
Eutanasia.
Joan Mari Irigoien
«Errespetua eskatzen dut; duinki hil nahi nuke, besterik ez»
Eutanasiaren aldeko jarrera maiz adierazi du Irigoienek bizitzako hainbat pasadizotan eta literatura lanetan; orain, ozendu egin nahi du. Gaitzak eragiten dion pairamendua lar handitu aurretik joan nahi du: irribarrez.
Nik badakit badabilela, hango eta hemengo osasun zentroetan, jende jator askoa eta aurrerakoia, indarrean dauden osasun legeen esparruan mugitzen dena: txaloak, eta omenaldiak, eta monumentuak, beraz, jende horrentzat…! Baina ez daitezela gutaz ahaztu, eutanasiarena zaintza aringarriena baino metodo hobetzat jotzen dugulako, edo seguruagotzat, edo, azken orduan ere, gure askatasunean eta gure osasuna erabakitzeko ahalmenean gehiago sinesten dugulako. Bestela esanda: gaixo batek zaintza aringarriak nahiago dituela, eutanasiak kontzientzia problemak sorrarazten dizkiolako…?, bada, eman diezazkiotela!, baina ez ditzatela eutanasiazaleon eskubideak eragotz!
Orain arte esandakoa laburbilduz, sinetsia nago gizarteak beste pauso bat eman beharko lukeela alor honetan ere, eutanasia eta suizidio lagundua legeztatuz. Badakit, halaber, eutanasiaren aldeko lege batek kontrol eta segimendu berezi bat beharko lukeela, baina behin legeak aldatzen hasita, hobera egin beharko genuke, ezta…?
Printzesa urrun baten izena duzu, Eutanasia,
baina nik hurbilago nahi zintuzket,
maite-maite baitzaitut,
eta ez baitut burutik baztertzen
zu neure egitea noizbait,
edo ni zeure, hobeki…
Zu, Eutanasia, ene azken orduko esperantza;
zu, ene azken hatsa;
zu, ene Buda errukibera;
zu, ene balizko sufrimenduen aringarri;
zu, ene maitaleen maitale.
Barkatu atrebentzia,
hurrengoan Eutanaxi deitzen badizut…