Arrazakeriaren kontrako egunean, gogoetak Bidasoa inguruan
Amets Arzallus bertsolari eta idazlea batetik, eta Aitziber Zapirain Antxeta irratiko esatari eta kazetaria bestetik hizketan jarri ditugu. Hendaian sortuak biak, eta Bidasoako zubia gurutzatuta ari zaizkigu Mintzorduak saio berezi honetan.
Martxoaren 21a, Arrazakeria eta Xenofobiaren Kontrako Eguna izanik, egun berezi hau hautatu dugu gure elkarrizketa hau plazaratzeko. ‘Miñan’ liburuaren egilea dugu Amets Arzallus, Ibrahima Balderen bizitza eta Europarako ibilbide latza kontatzen duen lanaren egilea. Ibrahimak kontatutako hitzetara eraman zuen Amets Arzallusek, eta euskaraz argitaratu ostean, oihartzun handia izan du Euskal Herritik kanpo ere. Aitziber Zapirainek, liburuaz eta Ibrahiamarekin jositako harremanaz galdetu dio. Apal eta zintzo erantzun dio Ametsek.
30.000 lagun Bidasoa igarotakoak
Azken bost urteotan Ibrahima Balde bezala, 30.000 lagunek gurutzatu dute Bidasoa. Horietatik 30 besterik ez dira Irun eta Hendaia artean bizitzera geratu. Eta ia dozena batek galdu du bizitza bertan. Irungo Harrera sarearen datuak eman dizkigu Amets Arzallusek eta Bidasoaren berezitasunaz aritu dira hizketan Aitziber Zapirain eta biak.
Antxeta irratian ere, emakume migratzaileekin lanean aritutakoa da Zapirain. Bidasoa inguruan lanean ari diren atzerriko emakumeengana hurbildu izan da irratia, eta beraien bizipenak uhinetatik hedatzeaz gain, kontzientzia sortu eta helaraztea izan dute xede.
Hendaia izan dute sorleku biek, eta mugako herriaren berezitasunaz mintzatu zaizkigu. Muga ala zubi, Bidasoak eta mugak berak baldintzatu duten herria da Lapurdikoa. Ezaugarri eta biztanleria berezikoa, gogoeta interesgarriak egin dizkigute identitate eta nortasun agirien gainean. Bitxikeriak diruditen arren, euskaldunen egoeraren adierazle ere badirenak.
Jarraian dituzue bideo laburpena eta saiotik atera ditugun pilulatxoak, bideo eta audio formatuan:
2.- ‘Miñan’ liburuaren abiapuntua
3.- ‘Miñan’ liburuaren oihartzuna eta eragina
4.- Emakume etorkinen errealitatea plazaratu, irrati bidez
5.- Muga edo zubia?