Lehenengo Kike Amonarriz eta Pantzo Hirigarairen hitzaldi umoretsuaren txanda izan zen eta jarraian, guk Mintzanet aurkeztu genuen
Korrika Kulturalak antolatutako ekitaldia arratsaldeko zazpiak pasatxotan hasi zen, Pantzo Hirigarai eta Kike Amonarriz taularatu zirenean eta une horretan, Tolosako Kultur etxeko ia aulki guztiak beteta zeuden. “Bidaso, biga so: Irri Iparrak eta Hego Erak” izenburupeko hitzaldia eskaini zuten eta bertan, Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko ezberdintasunak izan zituzten hizpide. Ikusleek irribarrea ahoan zuten bitartean, Kike eta Pantzo ligatzeko moduen, euskararen nahiz ohitura ezberdinen inguruan mintzatu ziren, beti ere ikuspuntu umoretsu batetik gai serioak jorratuz.
Zortziak jota ekin genion Mintzaneten aurkezpenari. Ritxi Lizartza egitasmoaren buruak eman zuen azalpena eta jarraian, Rocio Korta eta Mila Altuna bidelagunen bideoa ikusi genuen (Klikatu hemen). Ikusleengan eragin zuen bideoak, euren barre algarak ikusi besterik ez zegoen gustatu zitzaiela jakiteko. Aurkezpenarekin amaitzeko, bertaratu zirenei saio bat nolakoa izaten den erakutsi genien eta horretarako, Kikek eta Pantzok zuzeneko saio bat eduki zuten Lore Aristizabal uztariztarrarekin.