Bego Tisera-mba

Begoña Tisera Echeverría: “Mintzaneten parte hartzea zoragarria da, ziur nago mugarri bat izango dela zuen ikaskuntza prozesuan”

Urteak daramatza Begoña Tisera (San Nicolas, 1964) argentinarrak Mintzanet egitasmoa baliatuta euskara praktikatzen. Hainbatetan izan dugu Euskal Herrian bisitan, eta bere mintzakideekin aurrez aurre elkartzeko aukera izan du; Lazkaoko Maizpide Barnetegian ere parte hartu du. Oraingoan, Mintzanet bere ahotan atalean bere lehen urteak gogorarazi dizkigu.

“Begoña Tisera Echeverría naiz, berrogeita hemeretzi urte ditut eta Buenos Aires probintzian jaio nintzen; San Nicolás de los Arroyosen, hain zuzen ere. Argentinarra izan arren, nire arbasoak Euskal Herrikoak dira, izan ere ama han bertan jaio zen, Bilbon, zehazki.

Amak ezin izan zuen hizkuntza ikasi arazo politikoengatik, hala ere, bai niri baita nire anai-arrebei ere, herri horrekiko eta haren ohiturekiko maitasunak transmititu zizkigun, aitona-amonek egin bezala.

Gogoratzen dut aitonaren asmoa zela guk euskara ikastea, hori dela eta, bidaia egiten zuenean lehen haurtzaroko liburuak ekartzen zizkigun helburu honekin. Denboraren poderioz, jakin mina piztu zitzaidan, hortaz, ikasle bezala izena eman nuen nire Euskal Etxean. Hasieran, zaila iruditu arren, handik denbora batera hizkuntzak erabat harrapatuta utzi ninduen.

Bestalde, 2013 urtean, aukera pare gabea sortu zitzaidan “Euskara Munduan”programan sartzeko. Irakasleen prestakuntzan datzan, Amerika osoan, gure jatorrizko herrialdean euskara eta bertako kultura irakasteko xedearekin. Denok dakigun bezala, ikasketa prozesuan zailena hitz egitea da, baita jariotasuna lortzea ere, batik bat Euskal Herritik kanpo, eta nire kasuan, behintzat, giro euskaldunik gabe.

Gainera, duela hamar urte, ikaskide batek gomendatu zidan Mintzanet programan izena ematea. Zorionez jaramon egin nion eta handik aurrera egitasmo arrakastatsu honetan sartuta nago. Asko izan dira hasieratik lagundu  didatenak: Jexux Aizpurua, Ainara Maia Urrotz (bospasei urtez), Joserra Atorrasagasti, Joserra Onandia,  eta une honetan, Aitor Garmendia. Eskerrak eman nahi dizkiet, pazientziaz gain, nire aldeko jarrera onagatik.  Dudarik gabe, aukerarik onena da mingaina askatzen ez ezik, lotsa kentzen eta harreman ederrak sortzen laguntzen duelako.

Hamar urte daramatzat eskolak ematen herriko Euskal Etxean, horretaz gain, une honetan, azterketari begira nago; Buenos Airesen emango dut B2 maila ateratzeko urratsa, uztailean.

Horretaz gain, Etxepare Instituari esker bi aldiz egon nintzen Lazkaoko Maizpide Barnetegian murgiltze linguistikoa eginez.

Amaitzeko, azpimarratuko nuke Mintzaneten parte hartzea zoragarria dela, beraz, gomendatuko nizueke, eta ziur nago mugarri bat izango dela zuen ikaskuntza prozesuan.

Anima zaitezte, ez zarete damutuko!”

You Might Also Like

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude