Xabier Martin (Bilbo, 1984) informatikaria da, eta irratiari esker izan zuen Mintzaneten berri. Proiektua “oso interesgarria eta baliagarria” iruditzen zaio. Egungo teknologiak ahalik eta gehien aprobetxatu behar direla uste du Xabierrek: “Kasu honetan, euskara praktikatzeko aukerarik ez daukatenei oso ondo etortzen zaie Mintzanet. Ezin ditugu aukera hauek alferrik galdu, euskara edozein arlotan erabili ahal baduzu, erabili, aukera ezin hobea dugu eta”.
Momentu honetan, Argentinako emakume bati laguntzen dio. “Gauza askori buruz hitz egiten dugu: bera bizi den lekuaz, egiten dugunaren inguruan, ohiturei buruz… Harreman arrunta daukagu, eta aldi berean berezia”, azaldu du bidelagunak.
Horrela, euskara eta euskal kultura zabaltzen ari da Xabier. “Aldi berean, euskara praktikatu behar duenarentzat oso lagungarria da, berdin du non bizi den, muga barik, gure hizkuntza zabaltzen dugu. Euskara nire hizkuntza da, Euskal Herriko hizkuntza, euskaldun egiten nauena”, azpimarratu du.
One thought on “Xabier Martin, bidelaguna: “Ezin ditugu aukera hauek alferrik galdu; muga barik gure hizkuntza zabaltzen dugu Mintzanet bezalako proiektuei esker””