Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Euskara hobetzen
Feminismoaren hiztegia
ahizpatasun. Feminismoan, emakumeen arteko elkartasuna eta aliantza. ‘Sororitate’ ere esaten zaio.
ahalduntze. enpoderamendu* Batzuetan, ‘jabekuntza’ eta ‘jabetze’ ere erabiltzen dira; batez ere, ‘jabekuntza eskola’ eta ‘jabetze eskola’.
ahaldundu. enpoderatu* Inoren esanetan, onartzekoa da ‘boteretu’ ere.
ezetz beti da ezetz. Sexu indarkeriaren kontrako leloa.
genero. Kulturak eta gizarteak sexu bakoitzari ezartzen dioten rola. Ez nahasi sexuarekin. Jaio bezain pronto, genero femeninoa inposatzen hasten zaizkie emakumeei, eta maskulinoa gizonei.
heteroarau, heteronormatibitate, heteronormatibo. Heterosexualitatea bizimodu egoki bakartzat jotzen duen sistema; hari dagokiona.
heteropatriarkatu (hetero-patriarkatu*). Gizonak nagusi diren eta heterosexualitatea inposatzen den sistema soziopolitikoa.
heterosexismo, heterosexista. Heterosexualitatearen nagusitasuna defendatzen duen sistema; haren aldekoa.
hezkidetza (hezikidetza*). Sexu bietako ikasleei batera eta berdintasun balioetan ematen zaien hezkuntza. Askotan, aditza erabiliz osatzen da esaldia ondoena. Neska-mutilen hezkidetza bultzatu behar da *[e.] Neskak eta mutilak elkarrekin heztea bultzatu behar da.
indarkeria bikario. Norbaiti min egin nahian beste baten kontra erabiltzen den indarkeria.
intersekzionalitate. Gizabanakoak bere kategoria sozialen arabera dituen zapalkuntza eta pribilegio egoeren fenomenoa.
kristalezko sabaia, -a. Emakumeez mintzatuz, ibilbide profesionalean, artistikoan eta abarretan gora egiteko jartzen zaien muga.
matxuno, matxirulo. Lagunarteko hizkeran, jarrera matxista duen mutil edo gizona.
mikromatxismo. Praktika matxista normalizatua, maiz egin eta ikusezin gertatu ohi dena.
postporno. Pornografia tradizionalaren oinarriak iraultzen dituen mugimendua, sexualitatearen eredu hegemonikoen kontra borroka politikoa egiteko.
sexu. Biologikoa. Ez nahasi generoarekin. Generoa eta aspirina: Bayer etxearen pilula ezagunak ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei*[e.] Sexua eta aspirina: Bayer etxearen pilula ezagunak ez die berdin eragiten gizonei eta emakumeei.
zuriketa morea, zuriketa berdea… (purplewashing*, greenwashing*). Gizarte mugimendu baten aldarriak babesteko itxurakeria. Feminismoari badagokio, ‘zuriketa morea’ erabiltzen da; ekologismoaren arlokoa bada, ‘zuriketa berdea’, eta abar. Era berean, ‘kanpomorea’, ‘kanpoberdea’ eta gisakoak ere erabil daitezke.
Feminismoaren hiztegia. Berria (aukeraketa bat)