Iturria: Jabier Oses Azurmendi | Hizkuntza normalizazioko teknikaria | Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
Artikulua
Santi Leonéri Argian egindako elkarrizketa baten pasarte pare bat…
Kultuzko testuak ere agertzen dira, komunitate batentzat fundamentalak izan arren, erdi ahanzturan geratu direnak. Arduratzen zaitu gai horrek?
Fama nahiko injustua izaten da. Batzuek sekulako fama lortzen dute, eta mundu guztiari gustatzen zaio haien obra, haien liburu guztiak. Eta beste batzuek ez dute hainbertzeko arrakastarik lortzen eta geratzen dira pixka bat bazterrean. Testu horiek, erdi-sekretuak edo bazterrekoak, gustatzen zaizkit. Batzuetan, ikusten dudanean halako liburuk ez dakit zenbat ale saldu dituela, pentsatzen dut: “Hainbertze saldu baldin baditu, ez da beharrezkoa nik erostea”. Aldiz, lurperatuak dauden perlak gustatzen zaizkit. Berriki, eta barkatu nire burua aipatzea, Euskalerria Irratirako kolaborazio batean Elizabeth Taylor izeneko idazle batez mintzatu nintzen. Ingalaterrako idazle bat dela deskubritu nuen eta pentsatu nuen bizi osoa pasatu behar izan zuela Elizabeth Taylor aktorearen itzalpean. Googlen hari buruzko informazioa bilatzeko jarri behar duzu “Elizabeth Taylor writer“, ez da nahikoa izena bakarrik jartzea, bertzenaz aktoreak hartzen du leku guztia. Alegia, giltzaren bat behar duzu harengana iristeko.
(…)
Nola ikusten duzu alde horretatik gure panorama kulturala?
Beti daude, garaiaren arabera, gai ukiezinak edo pertsona ukiezinak. Niri gertatu zait biak ukitu ditudala eta horrek gatazka batzuk ekarri dizkit. Bolada batean batzuek uste genuen, eta hala adierazi izan genuen, Kirmen Uribe ukiezina zela. Eta gero bueltaka ibili naiz horrekin eta uste dut oker nengoela –edo geundela–: Uribek kritika batzuk aditu behar izan zituen eta batzuk nahiko gogorrak. Egia da babestua dagoela eta ez ditut ulertzen ETBk egiten dizkion erreportaje horiek: “Hau da New Yorken erabiltzen duen mahaia idazteko”, Vascos por el mundo literarioa. Baina ez da ukiezina. Gaur egun, ordea, badira gai batzuk, pertsona batzuk, estatus hori lortu dutenak eta kontuz ibili behar da. Ez zait gustatzen sare sozialei gauza guztien errua botatzea, baina batzuetan sare sozialetan sortzen diren eztabaidek ez dute laguntzen, zeren zuk ekintza jakin bat edo iritzi jakin bat kritikatzen duzu eta zenbaitek berehala ulertzen dute –edo ulertu nahi dute– mugimendu guztiaren kontra zaudela: dela abertzaletasuna, dela feminismoa, dela euskara… dena delakoa. Eta bueno, ni ez nago ados pertsona horrekin puntu horretan eta hori adierazi nahi dut, baina pertsona hori nor den eta gaia zein den, ba, zaila izaten da hori adieraztea. Eta ironia erabiliz gero, akabo.



