Etxetik etxera konexioak eginez ezagutzen hasi, eta dagoeneko 3 urte bete ditu sarean batzen den Jalgi Hadi Mundura elkarteak. Euskaraz hitz egiteko Mintzanet plataformaren bitartez elkar ezagututako lagunek osatutako ekimena da Jalgi hadi mundura.
Eta urteurren berriaren karietara, sarean elkartuko dira berriz ere apirilaren 3an. Eta egun horretarako beren beregi prestatutako 50 hitzez osatutako mikroipuinak sortu eta irakurtzea bota duten erronka. “Atea irekitzean…” bere baitan jasoko dituzten testuak izan behar dute, eta gutxi gora behera 50 hitz, ele, berba bildu behar ditu kontakizunak.
Jalgi hadi mundura elkartearen epostara (jalgihadimundura@gmail.com) kontakizunok bidali eta apirilaren 3an Euskal Herrian arratsaldeko 19:00etan agertu elkarrizketa birtualera. Urteurrena ospatu, ipuinak entzun eta elkarrekin tarte eder bat egoteko unea izango da, beste urte betez.